Hutsik dauden lokalak dinamizatzeko, 'Guztion Astigarraga' egitasmoa

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 29a, 00:00

Merkataritza lokalen aktibazioa lantzen ari da Astigarragako Udala, eta hilaren 20an, hutsik dauden lokal komertzialen jabeekin bilera batean bildu ziren eta egitasmoaren berri eman zuten.

Astigarragako Udala, merkataritza lokalen aktibazioa lantzen ari da, esku artean duen 'Guztion Astigarraga' egitasmoarekin. Hori dela eta, aurreko ostegunean, Astigarragako erdigunean hutsik dauden lokal komertzialen jabeekin bilera egin zuten. Bertan 6 lokaletako jabeek hartu zuten parte, eta horietatik 5ek programan parte hartzeko nahia adierazi zuten. Gainera, hitzorduak jarri zituzten, guztiek udal teknikariarekin lokal barruetan bisita teknikoak egiteko.

Oraindik aukera dago programan izena eman eta zerbitzuez baliatzeko. Horretarako, eskaera egin daiteke, lokalhutsak@astigarraga.eus helbidera idatziz, edo merkataritza teknikariekin harremanetan jarriz, 943 50 57 00 telefonoan edo en­plegu@astigarraga.eus helbidean.

 

2019tik, egitasmoari forma ematen

Astigarragako Udalak badarama denbora bat proiektu honi forma ematen, izan ere, 2019an hasi zen Udala jarduerarik gabeko merkataritza lokalen aktibazioa lantzen eta hainbat jaberekin harremanetan jartzen. Interesa adierazi zuten jabe horien lokaletan azterketa lanak egin ziren, eta jabeek lokalaren diagnosia eta planoa jaso zuten. 

 

Aurten ere, egitasmoan lanean

Hori horrela, aurten ere lanean jarraitzeko asmotan daude. Lokal hutsen poltsa publikoa jasoko duen webgunea ere zabalduko dute laster, «hitzartutako lokalak promozionatzea izango da webgune horren helburua». Udalak, negozio bat irekitzeko lokal bila dabilen ekintzailearekin «zubilanak» egingo ditu, lokala eskaintzen, eta bilatzen dutenen artean harremana bultzatuz. Ildo beretik, «ekintzaileei zuzendutako dirulaguntza lerro bat lantzen ari gara» dio Udalak, nagusiki lokalaren alokairu gastua babestuko duena, hain zuzen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!