DBHko ikastetxea eraikitzeko partzelari oniritzia eman dio Hezkuntza Sailak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 28a, 00:00
Udal Gobernu Taldeko kideak, DBHko ikastetxearen eta eremuaren txosten, proiektu eta planoekin.

Baldintza jarri du Astigarragako Udalak egitea urbanizazio lanak, eta horiek martxan jartzeko konpromisoa hartu du Gobernu Taldeak.

Beste pauso bat eman du Astigarragak, DBHko ikastetxea edukitzeko bidean. Izan ere, oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, ikastetxea Mendiaundi-Aranibarreko partzelan eraikitzeari, Astigarragako Udalak bertako urbanizazio lanak egiteko baldintzarekin. Horiek martxan jartzeko konpromisoa hartu du Gobernu Taldeak, eta aurten bukatzea espero du, urtea bukatu baino lehen Hezkuntza Sailari entregatzeko partzela hori.

Hala jakinarazi zuen Xabier Urdangarin alkateak, asteazkenean: «albiste onak dauzkagu, Hezkuntza Sailak idatziz konfirmatu baitigu, onartuko duela DBHko ikastetxea Mendiaundi-Aranibarren egitea, Udalak goi tentsioko linea lurperatzeko eta irisgarritasun gabeziei aurre egiteko urbanizazio lanak egiteko baldintzarekin».

Erabaki hori adostu zuten, urtarrilaren 10ean Hezkuntzak eta Udalak egin zuten bileran.

Uztailetik abendura, lantzen

2019ko uztailetik dator gaia. Or­­duan helarazi zion idatzia Hezkuntzak Udalari, adie­­­raziz partzela horrek irisga­rri­­­ta­­sun eza eta malda haun­diak zituela, eta eskatu zion beste eremu aproposago bat bilatzeko. Bilera eskatu zion Udalak, «gaia elkarrekin aztertu eta argitzeko»; eta bi dokumentu aurkeztu zizkion: «udal arkitektoaren txostena, adierazten duena partzela irisgarria dela eta azalera nahikoa duela; eta aholkulari juridikoarena, esanez partzela hori dela epe labur edo ertainera eta Plan Orokorra aldatu gabe, lur eremu bakarra». Bilera horretan adostu zuten, Udalak azterlan bat egingo zuela partzelaren irisgarritasun eta azaleraren inguruko proposamen zehatzarekin, eta urbanizazio lanen proposamenarekin.

DBHko ikastetxea izan daitekeenaren irudia, Udalak emandakoa.

Uztailetik abendura bitarte landu ditu bi gaiak Udalak: «batetik, neurriak aztertu dira irisgarritasun oztopoei irtenbideak emateko, eta DBH-Batxilergoko ikastetxe baten beharrei erantzungo lieken eraikinaren aurreneko proposamena landu da, Hezkuntzak emandako ikasle kopurua eta espazioen beharrak kontuan hartuz; eta bestetik, goi tentsioko linea lurperatzeko proiektua landu eta adostu da Iberdrolarekin, 400.000 euro inguruko kostua izango duena».

Proiektu eta azterlan horiek aurkeztu zizkion, urtarrilaren 10eko bileran. Bertan, partzelari oniritzia ematearekin batera, elkarlanean jarraitzea adostu zuten, ikastetxearen beharrak zehaztu eta dimentsionatzeko: «zehaztu behar da batxilergoa bai ala ez, abiapuntuko beharretatik abiatuta etorkizunean haunditzeko aukera ematen duen eraikina izatea... Aste Santua baino lehen egingo dugu hurrengo bilera, bereziki ikastetxearen dimentsionamenduaren gaia erabakitzeko», azaldu du Urdangarinek.

«Aurrerapauso haundia da, Astigarragan DBHko ikastetxe bat edukitzeko bide luzean»

Udalak adierazi du, bilera horretan egindako urratsa «aurrerapauso haundia» dela, «Astigarragan DBHko ikastetxe bat edukitzeko bide luzean». Eta dio, uztailetik orain arte egindako lanketak, ahalbidetuko duela partzela lehenbailehen prest eduki eta Hezkuntza Sailaren esku uztea: «urbanizazio lanak egiteko proiektuak amaitzear dauzkagu, eta aurreikusten dugu 2020ko urte bukaerarako partzela Hezkuntzari utzi ahal izatea». Gainera, Udalak azaldu du, aldi berean ikastetxearen oinarrizko proiektua landuko dutela Hezkuntza Sailarekin.

Hortik aurrera, faltako da proiektua idatzi, obrak lehiaketara atera, eta eraikina egitea. Prozesu luzea da oraindik: «aurrena etxeko lanak egin behar ditugu, eta gero presioa prozesua azkartzeko, eta ulertzen dugu herritarrek ere egin behar dutela, orain arte bezala», adierazi du alkateak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!