Gidabaimena euskaraz

Peru Ruizek jaso du saria, gidabaimena euskeraz aterata

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 22a, 00:00
Peru Ruizek jaso du saria, gidabaimena euskeraz aterata

Buruntzaldeko Udalek 2014an jarri zuten martxan Gidabaimena Euskaraz egitasmoa, eta ordutik, 1.027 lagunek egin dute atal teorikoa euskeraz.

Egitasmoa 2014an martxan jarri zenetik, 1.027 lagun izan dira, Buruntzaldea osoan, Gidabaimena Euskaraz programaren bueltan gidabaimena lortzeko azterketa teorikoa euskeraz egitea aukeratu dutenak. Horien artean, Buruntzaldeko Udalek urtero 400 euro arteko sariak zozketatzen dituzte, eta aurten, Peru Ruiz Irisarri izan da zozketan saria lortu duena. Hernaniko Otamendi autoeskolan atera du gidabaimena.

Gidabaimenaz gain, saria

Aintzane Barandiaran euskera zinegotziaren eskutik jaso du aste honetan Peru Ruizek saria. Pozik agertu da gaztea, dagoeneko gidabaimena lortzeko atal praktikoa ere egin baitu, eta gidabaimena lortzeaz gain, atal teorikoa ordaintzeko egindako gastuaren zati bat errekuperatu baitu orain, sariari esker.

Aurten, 124 herritarrek aukeratu dute azterketaren atal teorikoa euskeraz egitea, Astigarragan, Hernanin, Urnietan, Andoainen, Lasarte-Orian eta Usurbilen. Azken lau urtetan, badirudi joera goranzkoa dela, berriro ere. Izan ere, 2014an kanpaina martxan jarri zenean, 34 lagunek hartu zuten parte, eta 2014an 140k. Ordutik, beheranzko joera hartu zuen, eta 2016tik hona goranzkoa, berriro.

Sei Udalek erronka horri eutsi eta kanpainarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute, eta «animatzeko» deia luzatu dute Astigarragatik ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!