Inauteriak

Superheroietatik Inude eta Artzainen dantza alaieraino, festa hoberik ez Inauteriak baino

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 22a, 00:00
Denek botereek bat egin zuten frontoian.

Herri Eskolako ikasleek superheroiez bete zuten atzo kiroldegia, Inauterietako emanaldian. Gaur eta bihar tailerrak, musika, dantza eta 'desafiyua' ere izango dira.

EGITARAUA
ASTIGARRAGAKO INAUTERIAK
GAUR
16:00 Haurrentzako makilatu eta orrazteko tailerrak.
16:00-20:30 Inauterietako 
photocall-a, Gaztelekuan.
18:00 Disko festa, DJ Ki-rekin.
20:00 Txaranga.
BIHAR
11:30 Inude eta Artzainen konpartsa. Astigar dantza taldeko dantzariak Ergobiatik abiatuko dira Txirriskla taldeko txistulariekin batera. Desfilean edonork hartu dezake parte, garaiko jantziekin apainduta.
13:30 Plaza dantza saio irekia Joseba Barandiaran plazan, Inude eta Artzainen konpartsa bukatuta.
17:30 Herri kiroletan 'desafiyua' Gaztelekuan, hezitzaileen eta erabiltzaile gazteen artean.
Larunbateko ekitaldiak Kontxa Etxeberria plazara aldatu dira.

Festa giroa nagusitu zen atzo herrian, eta asteburu osoan zehar luzatuko da. Herri Eskolako ikasleak izan ziren mozorroak jantzi eta Inauteriei hasiera ematen aurrenekoak, kiroldegian egin baitzuten festa hauetako emanaldia. Superheroiz jantzita, bakoitzak dituen botere miragarriak erakutsi zituen, bertaratutako guztiak liluratuta utziz.

Superheroi batzuk Ameriketatik etorri ziren Astigarragara, atzo.
Kolore gorriaren boterea erakutsi zuten hainbat superheroik.

Gaur ere, bereziki haurrentzako prestatutako ekitaldiak izango dira arratsaldean zehar, eta bihar arte, izango da zerekin gozatu.

Tailerrak eta musika gaur, Kontxa Etxeberrian
Kontxa Etxeberria plaza jantziko da gaur kolorez. Bertan egingo dira bereziki umeei zuzendutako hainbat ekitaldi, eta ez Joseba Barandiaran plazan, programan zehaztu bezala. Hasteko, arratsaldeko 16:00etan haurrentzako makilatu eta orrazteko tailerrak egingo dira. Gero, 18:00etan, disko festa izango da, DJ Ki-ren eskutik. Eta arratsaldea borobiltzeko, txaranga aterako da iluntzeko 20:00etan, salto eta dantzara animatzen den guztiari musika jartzeko.

Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi hauek guztiak Txomiñenea frontoian egingo dira, baina ez dirudi horretarako beharrik izango denik.

Photocall eta 'desafiyua', Gaztelekuan
Bestalde, Gaztelekuan ere Inauteri giroan murgilduko dira gaur. Irekita egongo da egoitza, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara, eta photocall-a egingo dute. Mozorro polit, alai, dibertigarri eta originalenak ondo gogoan gordetzeko argazkiak aterako dituzte.

Era berean, biharko ere hitzordu berezia prestatu dute Gaztelekuan. 'Desafiyua' antolatu dute. Arratsaldeko 17:30etan hasita, Gaztelekuko hezitzaileen eta erabiltzaileen artean egingo dira hainbat proba, herri kiroletan. Umore ona nagusi, baina nor baino nor ariko dira, elkarren kontra.

Inude eta Artzainak bihar, Ergobiatik Astigarragara
Inauteriei jarraipena emateko Inude eta Artzainen konpartsa aterako da kalera bihar goizean. Astigar dantza taldeko dantzariek Ergobian jarri dute hitzordua, goizeko 11:30etan. Handik abiatuko dira, Txirriskla taldeko txistulariekin batera, kalejiran, eta desfilean eta dantzan egingo dute Astigarragarainoko bidea. Dantzan, noski, dantzariak ariko dira, baina gogorarazi dute desfilean nahi duen guztiak hartu dezakeela parte. Behar den gauza bakarra da garaiko jantziak soinean azaltzea.

Konpartsa laguntzen, baita ere, danbor-joleak izango dira. Danbor eta kupelek ibilbide osoan zehar lagunduko dituzte Inude eta Artzainak. Azken entsegu orokorra atzo egin zuten, txarangarekin eta dantzariekin batean, eta biharko, gogorarazi dute soinean eraman beharreko arropak direla galtza beltzak, alkandora txuria, baserritarren zapia eta txapela.

Bestalde, eguraldi txarra eginez gero, desfilea bertan behera utzi eta dantzak Kontxa Etxeberria plazan egingo dituztela jakinarazi dute, eguerdiko 12:00etan.

Eguerdian, plaza dantzak
Inude eta Artzainen konpartsak ibilbidea bukatuta, herritar guztiek izango dute aukera dantzarako. Izan ere, 13:30ak aldera, Joseba Barandiaran plazan egingo da plaza dantza saioa. Irekia izango da, eta animatzeko deia luzatu dute.

Galtzaurretik, sagardotegira
Inauteriak aproposak dira edonorentzat, parrandarako aitzakia bilatzeko. Horrela, Galtzaur jubilatuen etxeko kideek sagardotegirako hitzordua egin dute, biharko. Dena den, lehendik izena eman beharra zegoen parte hartu ahal izateko.

Kaldereroek jarritako giroari, segida
Pasa den asteburuan etorri ziren Hungariatik Kaldereroak, Inauteriak bazetozela iragartzera. Lehengo urtean hartu zuten aurrenekoz paper hori, ordura arte Inauteriak pasata iristen baitziren Astigarragara, herriz herri ibili ondoren. 

Padera eta mailuak astinduz ibili ziren kalderero eta hartz.   

Ergobiako plazan egin zuten aurreneko entsegua, padera kolpeka.

 

Mailu kolpeka, kaldereroekin Inauteriak iritsi dira

Inauterien iragarle izan dira aurten kaldereroak, Astigarragan ere. Pasa den asteburuan iritsi ziren Ergobiara, hilaren hasieran Hernanitik pasata. Ergobiako plazan aurreneko entsegua egin, eta Astigarragarainora arteko bidea egin zuten, zartagi eta paderak mailuekin jo eta jo. Astindualdi ederra eman zieten tresnei, Inauterietako aurreneko doinu eta arropa koloretsuekin herria janztearekin batera.

Festako erreginek eroso egin zuten ibilbidea, tronuan eserita.
 

Kaldereroekin, hartz eta erreginak

Su artean metal eta latoizko tresnei forma eman, eta kolpeen hots horrekin musika egin zuten kaldereroek, konpartsaren joan-etorrian. Ez ziren bakarrik ibili, inguruan izan baitzituzten, karrozako tronuetan eroso, erreginak, eta baita dantzari eta hartza ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!