Guztion Astigarraga

Hutsik dauden lokalen jabeak bilerara deitu ditu gaur Udalak

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 20a, 11:51
Lokal hutsen jabeak eta negozioa ireki nahi dutenak harremanetan jarri nahi ditu Udalak.

'Guztion Astigarraga' egitasmoa martxan dauka Udalak, «merkataritza lokalen aktibazioa lantzeko». Lokal hutsen jabeei informazioa emateko bilera deitu du gaur, 19:00etan kultur etxean.

Jarduerarik ez duten merkataritza lokal hutsen aktibazioa lantzen 2019an hasi zen Udala. 'Guztion Astigarraga' da egitasmoaren izena, eta honen inguruko informazioa emateko bilera deitu du gaur, 19:00etan kultur etxean. Astigarraga erdigunean hutsik dauden lokal komertzialen jabeei bertaratzeko gonbidapena luzatu die, behe solairuetan lokalak dauzkaten jabeei, hain zuzen.

Lokal hutsen poltsa publikoa, laster

Prozesua martxan jartzean, 2019an, hainbat jaberekin harremanetan jarri zen Udala, eta jabe horien lokalak aztertu eta diagnostikoak egin zituen. Jabeei horren berri eta lokalen planoak eman zizkien. Aurten ere, lokalen ezaugarriak ezagutzeko bisita egingo du egitasmo honen ardura duen udal teknikariak.

Horrez gain, lokal hutsen poltsa publikoa jasoko duen webgunea irekiko da laster, lokalak promozionatzeko helburuarekin. Negozio bat irekitzeko lokal bila dabilen ekintzailearekin zubilanak egingo ditu horrela Udalak, lokala eskaintzen eta bilatzen dutenak harremanetan jartzea ahalbidetuz.

Era berean, ekintzaileei zzuendutako diru-laguntza lerro bat ere ari da lantzen, Udala, bereziki, lokalaren alokairu gastuekin laguntzeko.

Honen guztiaren berri zehatzagoa emango da gaurko bileran.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!