«Edukiontzi inguruetan oker utzitako hondakinetatik, %86a da birziklagarria»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 19a, 00:00

Edukiontzien kanpoan utzitako hondakinen %31 izan zen materia organikoa, eta %86a birziklagarria.

Sentsibilizazio kanpaina jarri zuen martxan Astigarragako Udalak, joan den astean, eta hondakinei buruzko informazio gida buzoneatuko du orain. Gaizki utzitako hondakin gehienak, edukiontzietan bertan uzteko modukoak zirela adierazi du.

Hondakinak pilatuta zituztela ageri ziren, joan den astean, Astigarragako Kontxa Etxeberria eta Joseba Barandiaran plazak. Udalak martxan jarritako sentsibilizazio kanpaina baten parte ziren: «goizero, bi langilek jaso zituzten edukiontzi inguruetan oker utzitako hondakinak, eta bi plazetan pilatu zituzten, ondo kontrolatuz hondakin arriskutsurik ez agertzeko, eta usainik eta arratoirik ez izateko». Horrekin, asmoa zen jendeari ikusaraztea, zenbat hondakin uzten den gaizki: «Astigarragan botatzen den hondakin kopuruaren %65-70 egoki sailkatzen da; baina kezka haundia sortzen digu, ikustea edukiontzi inguruetan oker sailkatzen diren hondakin ugari, herriko hainbat zonaldetan. Arazoa herritarrei erakutsi, eta bide batez, horri buruzko kezka eta kontzientzia sortzeko asmoz abiatu genuen kanpaina». Izan ere, nabarmendu du «auzo guztietan orokortua dagoen arazoa» dela, gaizki botatzearena.

Edonola ere, ez zuen kanpainaren berri eman asteazkenera arte, herritarren artean «harridura eta jakinmina» piztu zezaten pilatutako hondakinek.

Oker utzitako hondakinen ia herena, organikoa

Otsailaren 10etik 16ra egin zuten oker utzitako hondakinen pilaketa, bi plazetan. Eta hurrengo egunean, joan den astelehenean, bildutako hondakin guztiak sailkatu eta pisatu egin zituzten, «emaitzak aztertu eta herritarrei erakutsi ahal izateko». Horrekin, nahi izan dute hondakinak oker botatzen dituzten herritarrek arazoa ikustea, eta jabetzea «denon eginbeharra dela sortzen ditugun hondakinak egoki bereizi eta botatzea».

Astelehenean bertan eman zituzten sailkatze eta pisaketaren emaitzak. Horrela, oker utzitako 294,47 kilo hondakin bildu ziren astebetean, eta horietatik, ia herena materia organikoa izan zen (92,04 kilo, %31). Papera eta kartoia zen %14a (41,17 kilo), eta ontzi birziklagarriak %11 (31,76 kilo). Gainerakoak, honakoak: ontzi ez birziklagarriak 9,68 kilo (%3), beira 4,8 kilo (%2), arropa eta ehunkiak 7,72 kilo (%3), ehunki sanitarioak 18,72 kilo (%6), RAEE eta bateriak 7,64 kilo (%3), lurra eta RCDak 47,69 kilo (%16), eta bestelakoak 33,25 kilo (%11). Horrela, nabarmendu du bildutako hondakinen %86a zela birziklagarria.

Gaizki utzitako hondakinak sailkatu eta pisatu zituzten astelehenean.


Esku-orriak etxeetara, hondakinak egoki bereizteko

Kanpainaren hirugarren pausoa, izango da herritarrei informazioa helaraztea eta zalantzak argitzea, hondakinak egoki bereizteko. Bederatzi ataletan dago banatuta informazio gida: organikoa; papera eta kartoia; ontzi arinak; beira; errefusa; oihalak eta arropa; pilak, bateriak eta besteak; olioa; eta bolumen haundiko hondakinak.

Eta atal bakoitzean, azaldu dute hondakin mota horri dagozkion edukiontzietan zer utzi, zer ez utzi, nola utzi eta jaso ondoren zer egiten den. Esku-orrian jaso dute, baita ere, inguruko garbigune finko eta mugikorrari buruzko informazioa ere.

Hondakinen bilketari buruzko informazio gehiago jasotzeko eta zalantzak argitzeko, beste hiru bide ere jarri dituzte aukeran: 900 10 28 38 doako telefono zenbakia, hondakinak@astigarraga.eus posta elektronikoa, eta astigarraga.eus/hondakinak webgunea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!