PRENTSA OHARRA

EH Bilduk herriaren alde lan egitera gonbidatzen du EAJ

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 17a, 00:00

Behin eta berriz errepikatu du EH Bilduk, ez duela atez atekoa martxan jarriko, hala ere, azpimarratu du horretan berresten dela oraindik. 

EH Bilduk, argi adierazi dio EAJri; «gezurren bideari uko egin eta herriaren alde lan egitera gonbidatzen zaitut». Behin eta berriz errepikatu du EH Bilduk, ez duela atez atekoa martxan jarriko. «Hala ere, argi dago EAJri bost axola izan zaiola errealitatea, guztia bere neurrira asmatuz eta manipulazioari ateak pare pare zabalduz» dio.
EH Bilduren ustez, EAJk zabaldutako oharrak erakusten du, ez dakiela Astigarragako zein Donostialdeko udalerrietako poligonoetan zein hondakin bilketa sistema dagoen, eta «EH Bildu eta udal gobernua erasotzeko asmoz, herritarrei ziria sartu nahi izan die, gezur hau zabalduz». Biak oso larriak direla ere adierazi du. 
EH Bilduk dio, ez dela egia poligonoetan berriz atez atekoa martxan jarri nahi duenik. «Atez ateko zerbitzuak poligonoetan 20 urte daramatza funtzionamenduan, San Markoren eskutik». Hori horrela, EH Bilduk, zuzenketa publikoa egitea eskatzen dio EAJri. 

EH Bilduren helburuak 
Enpresek jasotzen duten zerbitzua hobetzea dute helburuetako bat, «kexa ugari daude San Markok eskaintzen duen zerbitzuarekin eta udalak kudeaketa bere gain hartuta, zerbitzua hobetuko duela zalantzarik ez dago». Klima Aldaketa larrialdiari aurre egiteko neurrien baitan, bilketa selektiboaren datuak hobetzea ere helburu dute. «Bilketa gutxienez %10ean areagotzea litzateke eta Zaldibarreko zabortegiak bezalakoak edo Zubietako erraustegia ahalik eta gutxien elikatzeko urratsak eman». Hirugarren helburua, esku pribatuetan dagoen zerbitzua plurifikatzea da, zerbitzu publikoak interes publikoaren alde lerrokatzeko eta hondakinen kudeaketa gutxi batzuen negozio gosetik libratzeko. 
Hala ere, EH Bilduk argitu nahi du, poligonoen bilketaren gaia oraindik azterketa fasean dagoela eta txosten desberdinak aztertu ondoren, «udal osoko bilkurari egokituko zaio herriarentzat onena dena erabakitzea». 

EH Bilduk, zuzenketa publikoa egitea eskatu dio EAJri, ez baita egia atez atekoari buruz esan dutena

Herriaren alde lanean hasteko eskaera, EAJri
EH Bilduri ez dio EAJren jarrerak harritu, hauteskundeetatik 7 hilabete pasa direnetik, «EAJk argi utzi du ez duela herri honentzat inongo proiekturik ezta lan egiteko gogorik ere». Eta gaineratu dute, proiekturik ezean, «gezurra eta manipulazioari hel­du behar izan die, prentsan soilik bada ere, lekutxo bat lortzeko». 
Horrez gain, 7 hilabete hauetan, EAJk egindako lana negargarrai dela dio EH Bilduk, «hilabete hauetan ia ekarpenik ez du egin eta osoko bilkura eta batzordeetan oso parte hartze eskasa izan du». Beraz, pasibotasunetik ateratzeko deia egin du EH Bilduk, «gezurraren bideari uko egin eta herriaren alde behingoz lanean jartzeko» gonbitea luzaturik. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!