Hernaniko errugbi elkartekoak, errugbi inklusiboaren aldeko bazkari bat antolatu dute bihar Ipintza sagardotegian. Ez da edonolako bazkaria izango gainera, bertsoz girotatutakoa izango da hain zuzen. Izan ere, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze izango dira kantuan.
Hernani errugbi taldekoek, bertaratzeko deia luzatu dute, errugbi inklusiboaren aldeko bazkarira animatuz, eta giro paregabeaz gozatzeko.
Bertso bazkarira animatu direnak eta lekua dutenek puntako bertsolariak izango dituzte aurrez aurre.
Ipintza eta Hernaniko errugbi inklusiboko kideen arteko lotura estua da. Ipintzakoa den Agin Laburu bertsolariak Gipuzkoako Txapelketaren finalean, Hernaniko errugbi inklusiboari erreferentzia eginez bukaera polita eman zion kartzelakoari, autismoa duen mutikoaren aitaren paperetik: Honela zioen hiru bertsoetako lehenengoak «Nere semeak autismoa du denek jakin dezatela / gaixotasun bat izan daiteke baina ez da hain ergela / laguntza behar du Jonek eta laguntza hori dena dela / bereizi ezkero bi gela seguru lortzen ez dela / nik hezkuntzari eskatu diot laguntza eman dezatela / beti baietz esanagatik entzun ez balu bezela».
Bihar gaiaren inguruan Lujanbio eta Mendiluzek ere seguru bertso sorta ederrak abestuko dituztela.
Kirola, bertsolaritza, inklusioa... ertz asko ikutuko ditu biharko bertso bazkariak.