Hondakina bereiztu kanpaina, Kontxa Etxeberria eta Barandiaran plazetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00

Hondakinen inguruko sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du Udalak. Herritarrak badira hondakinak edukiontzien inguruan uzten dituztenak, nahasian eta sailkatu gabe. Arazo hori erakutsi eta utzikeria horri aurre egiteko Astigarragako Udalak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du martxan. Bihar arte Kontxa Etxeberria plazan eta Joseba Barandiaran plazan pilatzen ari dira edukiontzien inguruetan oker utzitako hondakin eta poltsak. Poltsa horietan hondakin asko dira bereizi beharrekoak. Sentsibilizazio ekintza honekin edukiontzi inguruetako arazoa plazara ekarri nahi izan du Udalak, denok arazoaz jabetzeko. Ondoren, poltsa eta hondakin horiek guztiak sailkatu eta pisatu egingo dituzte, hobetzeko zer dagoen erakusteko. Jarraian, datorren astean zehar hondakinak egoki bereizteko informazioa biltzen duen esku-orria banatuko da etxebizitza guztietan. «Guztion eginbeharra da hondakinak ondo sailkatu eta bakoitza bere edukiontzian uztea» adierazi dute Udaleko arduradunek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!