PRENTSA OHARRA

EAJren ustez «Astigarragan hondakinak biltzeko sistema aldatzeko mehatxua egin du EH Bilduk»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00
Industrialdeetako hiri-hondakinen bilketa aztertuko du Udalak.

EAJ-PNVk dio EH Bilduren asmoa «poligonoetan atez ateko bilketa egitea dela eta zerbitzua Garbitaniari esleitzea, atez atekoaren enpresaren ardura zuen enpresari, alegia».

Astigarragako EAJ-PNVren  ustez, «ez da beharrezkoa eta zentzuzkoa EH Bilduren udal gobernuak industrialdeetako hondakinen bilketari buruz egingo duen ikerketa». Alderdi jeltzaleak prentsa ohar bidez adierazi du «azterketa horren benetako helburua industrialdeetan atez atera itzultzea da eta zerbitzua Garbitaniari esleitzea». 

EAJ-PNVk dio: «Garbitania da 2013 eta 2016 artean Astigarragan atez ateko bilketa egin zuen enpresa publikoa, EH Bilduren inposaketagatik. EAJk sistema aldatu eta edukiontziak ezarri zituen, herritarrek kontsultan erabaki zuten bezala. EH Bilduk galdeketa errespetatuko zuela esan arren, hau da herritarren erabakiaren aurkako lehen urratsa».

EAJren esanetan, «EH Bilduk Astigarragan atez atekoa inposatu zuen, eta Garbitania ere bai. 121.000 euro erosi zituen akziotan, atez ateko gutizia egia bihurtzeko; bilketa ia 300.000 euro garestiagoa da urtero, San Markoseko Mankomunitatearen bitartez edukiontzien bidez baino. Lau urtetan, EH Bilduk 1.280.000  euro xahutu zituen».

Hondakinen sistema aldatzeaz gain, Garbitaniatik ateratzeko tramiteak hasi zituen EAJren gobernuak. «Astigarragako Udalak EH Bilduk enpresan inbertitutako 121.000 euroak berreskuratu behar zituen, baina gobernu abertzale berriak enpresaren irteera geldiarazi du. Garbitanian jarraitzeko arrazoi bakarra atez atekora itzultzea da. EH Bildu poligonoetatik hasiko da», adierazi du talde jeltzaleak.

«Herritarrak engainatzea da»
«Gobernu talde abertzalea industrialdeetan bilketa zerbitzuak hobetzeko azterketa bat saltzen ari da, eta benetan egingo duena da sistema aldatu, Garbitania elikatzen jarraitzeko, azterketaren emaitzak alde batera utzita. Garbitaniak EH Bilduren txosna izaten jarraitzen du, eta EH Bildu, berriz ere, herritarrak engainatzen ari da», adierazi du EAJk.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!