OPORRAK BAKEAN

'Bidaia bat baino gehiago', haur sahararrak hartzeko kanpaina

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 15a, 00:00
Donostiako udaletxean aurkeztu dute 'Oporrak Bakean' programa.

'Oporrak Bakean' programa aurkeztu da eta euskal biztanleak haur errefuxiatu sahararrak udan harreran hartzera animatu nahi dira.

Oporrak Bakean programa asteartean aurkeztu zen Donostiako udaletxean. Programa honetan haur errefuxiatu sahararrak udaran Euskal Herrian hartzeko balio du eta bertan azaldu zuten aurten ehun bat familia behar dituztela haurrak hartzeko, Bidaia bat baino gehiago kanpainaren baitan. Iaz 289 adingabe etorri ziren Euskal Autonomi Erkidegora, eta udara honetan beste horrenbeste ekarri nahi dituzte. 

Horretarako ehun bat harrera familia behar dira. Saharako herriak 40 urte baino gehiago daramazki errefuxiatuen kanpamenduetan bizitzen. Kanpaleku horietan 14 urtetik beherako 56.000 adingabe bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde defizita dute klima eta elikadura baldintza gogorren ondorioz.
Oporrak Bakean programak 10 eta 12 urte bitarteko haurrak udako bi hilabeteetan euskal familiekin bizitzea errazten du, basamortuko baldintza gogorretatik aldi baterako aldentzeko, elikadura egokia eskaintzeko, hazten laguntzeko, azterketa medikoak egiteko eta euskal kulturaren eta sahararraren arteko harremana sustatzeko.

Edozein familia motak parte har dezake harrera-familia gisa, bai bakarrik dauden pertsonek, bai bizikidetza-unitateek, seme-alabekin edo gabe. Baldintza garrantzitsuenak adingabeari eskaintzeko denbora eta gogoa izatea eta ostatu hartzeko tartea izatea dira.

Programaren informazio guztia oporrakbakean.eus webgunean jasota dago. Haur saharar bat uda honetan harreran hartzeko interesa duten familia edo pertsonek webgunean dute informazioa, edo lurralde bakoitzaren arduradunarekin harremanetan jarri: 696014786 / oporrakbakean@gmail.com.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!