Udala

Hondakinak kalean pilatuta, sentsibilizatzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 13a, 11:27

Kanpaina jarri du martxan Astigarragako Udalak, eta aste honetan zehar, gaizki utzitako hondakinak pilatuta utziko ditu, Kontxa Etxeberria eta Joseba Barandiaran plazetan.

Hondakinak kalean pilatuta azaldu dira egun hauetan, Astigarragan; zehazki, Kontxa Etxeberria eta Joseba Barandiaran plazetan. Udalaren sentsibilizazio kanpaina baten parte da, eta joan den astelehenetik hasita, igandera bitarte egongo dira horrela.

«Herritar askok ondo sailkatzen dituzte hondakinak, baina asko dira, baita ere, hondakinak edukiontzien inguruan uzten dituztenak, nahasita eta sailkatu gabe», adierazi du. Hori horrela, sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan, «arazoa erakutsi eta utzikeria horri aurre egiteko». Horretarako, bi plazetan ari dira pilatzen, edukiontzien inguruetan oker utzita dauden hondakinak eta poltsak. «Poltsa horietan, hondakin asko dira bereiztu beharrekoak», diote.

Hortaz, ekintza horrekin, edukiontzi inguruetako arazoa «plazara ekarri» nahi izan dute. Eta ondoren, poltsa eta hondakin horiek guztiak «sailkatu eta pisatu» egingo dituzte, «erakusteko zer daukagun hobetzeko». Gainera, datorren astean zehar, hondakinak egoki bereizteko informazioa jasoko duen eskuorria banatuko dute, herriko etxebizitza guztietan. «Guztion eginbeharra da, hondakinak ondo sailkatu eta bakoitza bere edukiontzian uztea», nabarmendu du Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!