Hitzaldia

'Herstory y Artivismo' hitzaldia gaur arratsaldean, Nerea Aguadorekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 11a, 00:00
Nerea Aguado Alonso, komunikazio inklusiboan aditua.

Kultur etxean izango da, 17:00etan. Artea aktibismo gisa jorratuko du, ikusteko nola lagundu duen emakumeen eskubideen alde borrokatzen.

Ostiraleko Atsolorraren ondoren, emakumeen eskubideekin lotutako beste hitzordu bat daukate astigartarrek, gaur bertan. Izan ere, Herstory y Artivismo; las mujeres estamos hitzaldia eskainiko du Nerea Aguado Alonsok, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, kultur etxeko lehenengo solairuan.
Komunikazio inklusiboan aditua da Aguado. Gaurko saioan, aurrena, herstory ezagutzaz ariko da; alegia, historiak isilarazitako emakumeen lorpenez. Eta bigarren zatian, jorratuko du artea aktibismo gisa, ikusteko nola lagundu duen herstory ezagutza horrek, espiritu kritiko eta sortzailearekin jorratuta, «emakumeon eskubideen alde borrokatzen eta emakumeon aurka erabiltzen diren indarkeriak agerian uzten», aurreratu du Aguadok: «frustrazio, inpotentzia eta injustiziaren aurreko amorru sentimenduak, eta baita superazioa, poza eta tinkotasuna, oso antzekoak dira duela 300 urte eta orain», dio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!