Aztifemiak

«Gure Atsolorra metaforikoa da, emakumeak elkartu eta ospatzeko gure ekintzen sorrera»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 11a, 00:00
Eli Laburu, Belen Olaziregi, Igone Alcibar eta Karmele Diaz, taldearen oinarriak eta arbola dauzkaten kartelekin.

Emakumeen sarea sortu eta sendotzeko asmoz, Atsolorra izeneko egitasmoa jarri du martxan Aztifemiak talde feministak, Astigarragan. Joan den ostiralean egin zuten aurreneko bilera, eta helburua da, «emakume ezberdinen arteko harremana gauzatzeko espazioa izatea; eta hortik aurrera, sortzen joatea eta ekimenak martxan jartzea, dakiguna mahai gainean jarrita, bakoitzaren ezagutzatik». Konfiantzazko espazio bat nahi dute, besteekin seguru sentituz.

Atsolorra berreskuratu nahi du Aztifemiak talde feministak, Astigarragan; baina metaforikoa izango da haien Atsolorra: haur baten jaiotza ospatu beharrean, emakumeen proiektu eta ekintzen sorrera da ospatu nahi dutena, elkartuta. Emakumeen sarea sortu eta indartu nahi dute herrian, eta hori sustatuko duen espazioa izango da Atsolorra: «emakume ezberdinen arteko harremana gauzatzeko espazioa izatea nahi dugu, eta hortik aurrera, gauzak sortzen joatea eta ekimenak eta proiektuak martxan jartzea», nabar­mendu dute. Joan den ostirale­an egin zuten aurreneko bilera, udaletxean, dozena bat emakume elkartuta; eta horrelako Atsolor gehiago izango dira, «elkar entzun, elkarrekin hitz egin, dakiguna mahai gainean jarri, eta bakoitzaren ezagutzatik sortzen joateko».

Hala azaldu dute Belen Olaziregik, Igone Alcibarrek, Eli Laburuk eta Karmele Diazek. Aztifemiak taldeko kide dira lauak: «dozena erdi bat hasi ginen hau guztia mugitzen, eta orain 8-10 gabiltza taldean. Herrian bada beste talde bat, Harituz elkartea, indarkeria matxistaren inguruan jarduten duena; baina nahi genuen beste jarraipen bat izango zuen talde bat, bereziki formakuntzaren aldetik».


«Sentsazioa geneukan, nahi genuela besteek karroa eraman zezaten, eta gu atzetik joan»

Horrela, martxoaren 8an elkar­tzen direnekin, hasi ziren deialdiak egiten: «baina ez zuten oihartzun nahikorik izaten. Pro­posamenak egin, eta erantzuna izaten zen ixiltasuna, edo ezin zutela. Sentsazioa zen, guk emakumeok ere, nahi genuela besteek karroa eraman zezatela, eta gu atzetik joan. Orduan, Belenek proposatu zuen, gutxiago izan arren, elkartu eta zerbait egiten hastea. Horrela abiatu ginen», azaldu dute.

WhatsApp bidez komunikatzen dira, batez ere: «gu heldue­nak gara, eta egiten ditugu bi­le­rak, baina gazteak egunerokoarekin denborarik gabe ibiltzen dira, eta WhatsApparekin komu­nikatzen gara guztiok. Ez dugu helburu haundirik jarri; sare bat sortu nahi dugu, izango dena anitza, zentzu guztietan; adinaren aldetik, bide profesional ezberdinak egindakoak, familiarekin esperientzia ezberdinak izandakoak... Eta ulertuz feminismoan, gizarte osoan be­za­laxe, emakume bakoitza bat garela, eta bakoitzaren proze­sua ezberdina dela. Amankomu­ne­an  daukaguna da emakumeak garela», adierazi dute.

Gobara eta Atsolorra bezala, emakumeen bilgune

Emakumeen bilgune izan nahi du egitasmo berriak: «garai batean, bai gobara egiten Goiko Iturrin, eta bai Atsolorretan, elkartzen ziren emakumezkoak bakarrik; eta hori galdu egin da. Gizonezkoek badaukate beraien espazioa, elkartzeko; eta eduki nahi dugu espazio hau, emakumezkoak bakarrik elkartzeko».

Horregatik, nahi dute izatea partehartzea erosoago egingo duen espazio bat: «izan dadila espazio bat emakumeek sortutakoa, emakumeentzat. Gure buruarengan konfiantza sustatu behar dugu. Baliagarriak gara, baina ez dugu gure buruarengan sinesten; eta hori emakume gehienoi gertatzen zaigu, ez digute erakutsi geuregan sinesten. Konfiantzazko espazio bat izan behar da, non gure buruarekin eta besteekin seguru sentituko garen».
Ostiraleko aurreneko saio horretan, aurkeztu zuten zer egin duten orain arte, zergatik murgildu diren honetan, zer espero duten edota zer daukaten eskaintzeko; baina entzutera ere joan ziren, bertaratu zirenek zer esan eta kontatu nahi zuten: «sarea sortzea da proiektua, elkar entzunez, elkarrekin hitz eginez... Emakumeak bizi gara bakoitza bere mundutxoan, eta aberatsa da elkartzea eta konpartitzea. Eta elkar formatzea, nahi dugulako gure kriterioa izan. Feminismoak motor asko izan ditzake, eta guk geurea sortu nahi dugu», azaldu dute.

«Hezi gaituzte gizonak baino txikiago izateko, eta jakin behar dugu ez garela txiki»

Aztifemiak taldetik diote, «urte askotako lan oso ona» dago­e­la biolentziaren kontra, Hari­tuzen eskutik; baina horrez gain, zerbait gehiago egin nahi zutela: «nola lortu ahalik eta emakume desberdin gehienak elkartzea? Horretarako, guztion hitza entzun behar dugu; ez dugu planteatu nahi proiektu itxi bat, eta galdetu etorri nahi ote duten. Nahi dugu elkartu, eta proiektua denon artean eraikitzen joan. Bildu eta hitz egin, emakume garelako zein gauza gertatzen zaizkigun, zer gertatzen zaien batzuei adin batean daudelako, eta zer besteei beste adin batean daudelako; zer gertatzen den jaietan, lantegian, etxean... Eta nahi dugu, elkartzea feminismoa bizitzeko modu ezberdinak. Bata izan daiteke kalean, solidaritate ingurune batean, gizarte mailan. Eta bestea, norberarena da. Hezi gaituzte gizonezkoak baino txikiago izateko, eta guk geuk igo behar dugu, inork ez gaitu altxako. Txikitasun horretan, jakin behar dugu ez garela txiki, pareko garela».

«Bakoitzak gure prozesua daukagu, eta garrantzitsua da esperientzia ikasbide bihurtzea»

Horretarako, aurreneko pausoa da «gure artean ere berdintasuna islatzea, askotan emakumeok ere klasistak baikara. Bakoitzak gure prozesua daukagu, eta garrantzitsua da esperientzia ikasbide bihurtzea. Daukagun potentzial hori aprobetxatu nahi dugu», diote.

Horrela, konpartituz eta elkar entzunez, nahi dute eraiki pixkanaka: «gu joan gara osatzen borradoretxo bat, egin nahi ditugun ekintzekin. Baina ideia horiek guztiak gauzatzeko, indarra behar dugu. Gai bakoitzean egongo da jendea jantziago dagoena, eta bakoitzaren ezagutzatik jarri nahi ditugu ekimenak martxan. Ez dugu programa finkorik eratu nahi, eta seriotasun haundiegirik gabe, umore puntu batekin. Os­pakizuna izan dadila. Noski, feminismoarekin lotuta. Badakigu aldarrikapenak egongo direla, eta guretzako ere garrantzitsua da hori; baina horrekin batera, herrian sare hori sortzen bada, emakume ezberdinen arteko harremana gauzatzeko espazio bihurtuko litzateke».

Jakin badakite, ez dela erraza emakume guztiek Atsolor horietara joan ahal izatea: «guztiok gabiltza beti oso okupatuta, eta arratsaldeetan, zaila da elkartu ahal izatea, haurrak zaintzen, oraindik ere, emakumeak egoten garelako gehien. Horregatik, sare sozialak lantzea oso komenigarria da. Eta bilera guztiak grabatu eta YouTuben igotzea daukagu buruan, besteek ere iku­si ditzaten, eta zerbait aportatu dezaten, posta elektroniko bidez, esaterako», diote.

«Kalean biltzen ginen hasieran, sinbolikoki ere hala nahi genuelako; kalea okupatu nahi genuen»

Aztifemiak taldea mar­txan jarri zutenetik, hainbat bilera egin dituzte gaur arte; aurrenekoak, kalean: «hasieran kalean biltzen ginen, eguzkitan eta banku batean; sinbolikoki ere hala nahi genuelako. Kalea okupatu nahi genuen. Eta gero, negu partean, hasi ginen kultur etxean bilerak egiten», kontatu dute.
Joan den ostiralekoak ere, bazeukan sinbolismotik: «nahi genuen udaletxean izatean, bertan, denon etxean ere presentzia izateko», azaldu dute.
Taldearen ibilbide laburrean, dagoeneko egin dituzte hainbat ekintza. Puntualak izan dira batzuk: «festetan Brigada Morea egin genuen, azaroaren 25ean ekitaldi polit bat Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna zela eta...». Baina Atsolorraren aurretik, beste ekintza potolo bat ere antolatu dute, landu nahi dute oinarrietako bati begirakoa: formakuntzari bideratutakoa, hain justu. Konfiantza indartzeko tailerra antolatu zuten, sei saiotakoa, eta oso pozik daude izan zuen harrerarekin: «oso partehartze ona izan zuten saioek, eta gainera, neska gazteak ere gerturatu ziren. Inflexio puntu bat izan zen. Ordutik, bakarka aldatu dira gauzak, pixka bat. Balio izan digu taldeko konfiantza lantzeko, pazientzia, errespetua, elkar zaintza, oreka... Identifikatu dugu, zein izan behar diren zutabeak».

«Orain arteko esperientzia oso polita izan da; adin oso ezberdinetako jendea bildu gara, eta elkarlana oso aberasgarria izan da»

Oinarri horietatik abiatu, «eta ematen duen arte» iritsi nahi dute: «asko zabaltzen bada, hobeto. Horrek esan nahiko du konfiantza hartzen ari garela gure buruarengan. Eta ikasten badugu denok errespetuz hitz egiten hitz egiten eta jokatzen, eta gure arerioari bere bidea jarrai dezan uzten, gauzak beste modu batera joango dira, eta matxismoak hor bukatuko dira», nabarmendu dute.

Orain arte egindakoaren ilusiotik abiatuko dira, egitasmo berriarekin ere: «orain arteko esperientzia oso polita izan da. Adin oso ezberdinetako jendea bildu gara, eta egindako elkarlan hori oso aberasgarria izan da. Bereziki gazteen kasuan. Espazio bat sortzea, non beraien ahotsa entzungo den, beharrezkoa da. Garrantzitsua da parte hartzea. Bestela, dena zerutik eroriko zaigu, euria bezala, nahi gabe; eta bustitzen zaitu edo ez».
Horregatik luzatu diete gonbitea, emakume guzti-guztiei, aniztasunaren bila. «Atsolorra emakumeen bilgune izatea nahi dugu, eta bertan sortzen joan proiektu ezberdinak, elkarrekin. Akaso Atsolorra bera, garai batean egiten zen bezala, izan daiteke horietako bat, batek daki... Baina oraingo hau, Atsolor gisa ikusten dugu, emakumeok elkartuko garelako, nahi dugulako, zerbait polita gertatu dela ospatzeko, eta elkarri laguntza eskaintzeko. Gure jaioberria proiektua bera da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!