Ohitura hartua zuten Astigarragako Kaldereroek, Inauteriak badatozela iragarri beharrean, bukatu direla iragartzekoa. Ez da hala izango aurten: Inauteriak gainean dauzkagula iragarriko dute, Hungariako Kaldereroek egiten zuten gisan.
Horretarako, padera edo lapikoa esku batean hartu, bestean mailua, goilara edo antzeko tresnaren bat, eta kalera aterako dira gaur zortzi, datorren larunbatean, herriko txoko guztiak soinu bereizgarri horrekin janztera. Arratsaldeko 17:30etan jarri du hitzordua Zipotza elkarteak, Ergobiako plazan. Bertan hasiko dute kalejira, eta Joseba Barandiaran plazan bukatu. Hartzaren konpainia ere ez dute faltako bidean, Kaldereroek.
Afarirako txartelak, Zipotza elkartean salgai
Joseba Barandiaran plazan bukatuko dute ibilbidea, bai; baina Kaldereroen festa, pixka bat gehiago luzatuko dute, Zipotza elkartean. Izan ere, afaria egingo dute bertan, konpartsaren kalejira bukatzean, 21:00etan.
Afarirako txartelak, dagoeneko salgai daude, Zipotza elkartean bertan, 20 euroan.