Helduentzako Irakurketa Klubari, beste bi klub batuko zaizkio, datorren astean. Izan ere, Mestiza elkarteak antolatuta, Liburu Txiki Kluba eta Liburu Baby Kluba egingo dituzte, etxeko txikienei zuzenduta.
Zehazki, astelehenean izango da Liburu Txiki Kluba, 0-5 urte bitarteko haurrentzat, Astigarragako liburutegian. Arratsaldeko 17:00etan izango da, eta heldu batek lagunduta joan behar dute haurrek.
Liburu Baby Kluba, berriz, asteazkenean egingo dute, 0-3 urte bitartekoentzat; eta goizez izango da hori, 10:30etan. Kasu horretan ere, heldu batekin egon behar dute haurrek, saioan.
Batean zein bestean, helburua da literatura, musika, artea eta naturarekiko jakinmina piztea, haurrengan zein haien familiengan.
Doakoak izango dira saioak, eta interesa duten guztiak gerturatu daitezke, baina bertara garaiz azaltzea eskatu dute.
Irakurketa Kluba ere, asteazkenean
Txikientzako bi klubek bezala, datorren astean izango du otsaileko saioa, Irakurketa Klubak ere. Asteazkenean izango da, iluntzeko 19:30etan; eta Maria Luz Esteban idazlearen Amaren heriotzak libreago egin ninduen liburuari buruz ariko dira.
Isabel Etxeberriak gidatuko du saioa, eta doakoa eta irekia da partehartzea.