Joan den asteazkenean onartu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak, 27 poligonoa eta Bidebitarteko errotonda lotzeko proiektuaren kontratazio espedientea.
Horrela, zehaztu dute oinarrizko aurrekontua 6.709.300,98 eurokoa izango dela, eta lanak gauzatzeko epea, berriz, hamar hilabetekoa.
Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu zuen, lotuneak «asko arindu» egingo duela, 27 poligonoak egun duen sarbide bakarra: «enpresa parke zabala da 27 poligonoa, gaur egun sarbide bakarra duena, GI-40 errepidean dagoen biribilgune batetik egiten dena. Proiektu honen helburu nagusia da bide horretako trafikoa arintzea».
Eta gaineratu zuen: «sarbide berriak edukiera haundiko sarearekin lotune ia zuzena eratzea ekarriko du. Horrek asko arinduko du gaur egungo biribilguneak jasaten duen trafikoa». Mendozak dio, sarrera berriak mesede egingo diola, era berean, GI-40 errepidearen zirkulazioari, «ibilgailu kopurua murriztu eta hauen fluxua hobetuko baitu». Eta nabarmendu du, «Donostia eta Astigarragako Udalek egindako eskariei» erantzuten diela proiektuak, «27 poligonorako sarrera-irteerak eta inguruko trafikoak arintzeko neurriak eskatu baitzituzten».
Proiektuak proposatzen du, lotura erdi bat egitea GI-2132 errepidearen 7,2 kilometro puntuaren parean, Astigarragako Bidebitarte poligonoaren errotondatik, 27 poligonoko Ubarburu pasealekura, bi norabideetako mugimenduak ahalbidetuz: «horrela, gaitasun haundiko sareko sarbidea ahalbidetuko da».
Petritegiko bidea gurutzatu, eta Galtzaur auzoa eta Antondegi gaina inguratuko ditu bide berriak.