Industriaguneetako hiri hondakinen inguruko azterketa egingo du Astigarragako Udalak, jakinarazi duenez. Helburua izango da, enpresa edo jarduera bakoitzaren beharretara ahalik eta ondoen egokitzea: «jarduera bakoitzak sortzen dituen hondakinen ezaugarriak zeintzuk diren jakinda, ahalik eta zerbitzu egokiena eta onena eman nahi dugu», nabarmendu du.
Industriaguneetako lokalen kudeatzaileei, dagoeneko bidali diete azterketari buruzko informazioa, gutun bidez, aste honetan zehar.
Udalak azaldu du, une honetan San Marko Mankomunitateak egiten duela hondakinen bilketa, industriaguneetan; baina hondakinen inguruko informazioa jaso nahi dutela: edukiontzi kopurua, tamaina edota ezaugarrien inguruko datuak, hain justu.
Aurreko legealdian, 2016ko azaroaren 23an, sinatu zuten lankidetza hitzarmena Udalak eta San Marko Mankomunitateak, Astigarragako hondakinen bilketa sistemarako. Bertan jaso zuten, nola gauzatu eta kudeatu hondakinen bilketaren inguruko lankidetza, eta zehaztu zuten, besteak beste, hitzarmen horren helburu direla Astigarragako hirigunea eta landa lurra, batetik; baina baita herriko industriaguneetako hiri hondakinen bilketa ere, bestetik. Bigarren bilketa horri buruzko informazio zabalagoa eta datuak dira, Udalak azterketa honekin jaso nahi dituenak, hain zuzen ere.