Urteroko ohiturari eutsi, eta Zuhaitz Eguna ospatuko dute aurten ere, Astigarragan. Igande honetan izango da, baina oraingoan, kokalekua aldatu dute: Andre Gobadarien parke inauguratu berrian egingo dute. Aurreko urteotan, Larraburun egin izan dute.
Hortaz, aurreneko zuhaitz sail zabala gordeko du bihartik, Andre Gobadarien parkeak. Eta oso zabala izango da, gainera. Ia ziento bat astigar landatuko dituzte bertan. Izan ere, 94 izan ziren 2019an jaiotako astigartarrak, eta jaioberri bakoitzeko, astigar bana landatuko dute, ohitura den bezala; eta landatutako zuhaitzak, haurraren izena izango du. Aurreko urtean, 2018an, 80 izan ziren. Eta 2017an eta 2016an jaio ziren haur gehien herrian: 110 eta 106, hurrenez hurren.
Joan den urtean jaiotako 94 haurren gurasoei, gutun bana bidali diete etxera, gonbitea luzatuz, biharko ekitaldirako. 2019an jaiotako astigartarren batek gonbitea jaso ez badu, Ingurumen sailarekin jarri behar du harremanetan, telefonoz deituta: 943 33 52 41.
Zuhaitzek eta basoek daukaten garrantziaz eta natura babestearen beharraz kontzientziatzeko ospatzen da Zuhaitz Eguna, bertako herri askotan, baina baita Hego Amerikako makina bat herrialdetan ere, data ezberdinetan.