Atsolorra Ereñotzun berreskuratu zen eta orain Astigarragan ere bueltatzeko lanetan hasi dira. Horretarako gaur udaletxean bilera antolatu du emakume talde batek, 18:30etan. Bertan zer den azaldu nahi dute lehendabizi. Eta zer zen galdetuz gero, garai batean ezagutu zuten emakumeei, zera erantzuten dute: «merienda zela, festa zela, etxetik ateratzeko aitzakia zela... Diotenez, desiatzen egoten ziren emakumeak, Atsolorra noiz izango. Amak, haurra bataiatu eta elizan sartu ondoren, merienda ematen zien igande arratsalde batean, bisitan joaten zitzaizkion auzotarrei, emakumeak ia beti. Otordu berezia ematen zien etxeko andreak, kontu-kontari aritzen ziren, umore ederrean jeneralean, eta hurrengo Atsolorra noiz tokatuko zain etxeratzen ziren».
Atsolorra garai batean Euskal Herrian egiten zen jaiotza-erritua zen. Galduta zegoen erritu horretan, eta ereñotzuarrek berreskuratu dutena, haurra jaiotako baserrira igande arratsaldean auzoko emakumeak bisitan joaten ziren. Normalean, ia gehienetan, emakumeak bakarrik joaten ziren eta ama izandakoari laguntza txiki bat eramaten zioten; etxekoek, aldiz, bisita eskertzeko, afari-merienda ematen zieten bisitariei.
Atsolorra erritua Eliza Katolikoak bataioaren betebeharra ezarri aurrekoa zen, hau da, XVI. mende aurrekoa. Toki askotan festa hau bataioa bera baino garrantzitsuagoa zen.