galtzaur

Birziklapenari buruz ariko dira gaur gazte eta adinekoak, 'Astigarraga ehuntzen' saioan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 6a, 00:00

Aurreneko saioan, orain bi aste, sare sozialen inguruan aritu ziren gazte eta adinekoak.

Galtzaur elkartean elkartuko dira, 11:30etatik 14:30etara, Arantzazuko Amako DBH 3 eta 4 mailetako ikasleak eta Galtzaurko adinekoak.

ASTIGARRAGA  GALTZAUR

Urtarrilean eman zioten hasiera Astigarraga ehuntzen programari, eta hurrengo saioa gaur egingo da. Goizeko 11:30etatik 14:30etarako tartean Galtzaur jubilatu elkartean elkartuko dira Martuteneko Arantzazuko Ama ikastetxeko DBH 3 eta 4 mailetako ikasleak eta Galtzaurko jubilatuak. Gaurkoan, birziklapenaren inguruan ariko dira hizketan.

 

Esperientziak partekatzen, belaunaldi desberdinak

Programari urtarrilean eman zitzaion hasiera, Udalak sustatuta. Helburua da belaunaldi desberdinetako herritarrak elkartzea eta haien arteko harremanak sendotzea. Era berean, belaunaldi bakoitzak hainbat ezagutza partekatzea, beste belaunaldikoekin.

Denera, zazpi saio programatu dira, eta gaurkoa, bigarrena izango da. Kontzientzia eta birziklapenari buruz hitz egingo dute.

Aurreneko saioa urtarrilaren 23an egin zuten, eta ordukoan, sare sozialen inguruan hitz egin zuten. Besteak beste, landu zituzten harreman mota ezberdinak: teknologikoak, eta aurrez aurrekoak. Saioa dinamizatzeko,  Bat, Bi ta Hiru enpresako bi dinamizatzaile izan zituzten lagun, eta saio guztietan izango dira.

 

Beste bost saio, martxora arte

Denera zazpi saio egingo dira, eta beraz, beste bost geratzen dira, gaurkoaz gain. Guztiak ostegunetan egingo dira, azkenaurrekoa izan ezik; batzuk, Galtzaurren bertan, eta beste batzuk herrian barrena, goizeko 11:30etatik 14:30etara.

Hurrengo saioa otsailaren 13an izango da: Ezagutu Astigarraga. Otsailaren 27an, Musari buruz ariko dira. Martxoaren 5ean, bestalde, Do it yourself lorategiak landuko dituzte. Hurrena, martxoaren 10ean, asteartearekin, sexualitatea. Eta azken saioan, martxoaren 26koan, sukaldaritza izango dute gaia.

Aurreneko saioan izandako esperientziarekin pozik, animatzeko dei egin diete, bereziki, Galtzaurko erabiltzaileei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!