Txotx denboraldia

«Sagardotegiak, garaiko kultura sorkuntzetan, paper aktibo bat izatea da gure helburua»

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 1a, 00:00

Astarbe Sagardotegiak bultzatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da SagarArte ekimena. Eta helburu nagusia da, «sagardotegiak garaiko kultura sorkuntzen errealitatean, paper aktibo bat izatea», eta horretarako hainbat ekintza egin izan ditu; inguruko sortzaile gazteekin urtero erakusketa berriak antolatuz eta hauek ibiltariak eginez, Euskal Herriko txoko ezberdinetara eramanez.

2017. urtean hasi zen Sagar-Arte egitasmoa bere fruituak ematen, hainbat erakusketa aurkeztuz Astarbe sagardotegian bertan.

 

Artea, gastronomian

Urte honetan ordea, arteaz eta sorkuntzaz gain, ostatuak ere sartu nahi izan dituzte esku artean daukaten proiektuan. Izan ere, parte hartuko duten sortzaile batzuen 18 obra, otsaila eta apirila bitartean, 6 ostatuetara eramango dira, eta bertan ikusgai egongo dira bi hilabetez. Bakoitzean behin, sorkuntza lan hauetan oinarritutako afariak eskainiko dira, hiru ostiraletan eta beste hiru asteazkenetan.   Eta aipatutako afari hauek, «Afari gidatuak» izango dira.

 

«Afari gidatuak»

SagarArteko sortzaileen sorkuntzetan oinarrituta, proiektuan parte hartzen duten ostatu bakoitzak, 5 plater prestatutako ditu: sarrerarako bat, lehen plater bat, arraia duen plater erdi bat, haragia duen beste erdi bat, eta azkenik postrea. Afari gidatu formatoan, platerak aurkeztu aurretik, SagarArteren sorkuntzak azalduko dira, eta «obren atzean dagoen kontakizuna mahai gainean jarriko dugu, eta platerekin duen harremana ere landuko dugu». Bi elementu hauek amankomunean sagarra eta sagardoaren kultura dutenez, «sagardo ezberdinekin uztartuko ditugu obrak eta platerak». Otsailaren 14ean izango da lehen afari gidatua, eta SagarArteko kideek, ostalariek eta hainbat babesle eta antolatzaileek bertaratzeko deia luzatu nahi dute, «SagarArte sagardoa baino gehiago da, eta txotx denboraldiaz gain, sagardogintzaz ere gozatu daiteke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!