Ikastolen Elkartea, Herri Urrats eta Seaska-rekin batera antolatutako ikastolaren aldeko hirugarren Bertso Afaria ospatuko da etzi ostiralean, hilak 31, Astigarragako Zapiain Sagardotegian.
Amets Arzallus eta Iker Zubeldia bertsolariak izango dira bertan eta bildutako diru guztia Ipar Euskal Herriko ikastolei laguntzeko bideratuko da. Sagardoaren eta bertsolaritzaren arteko lotura aspaldikoa da.
19garren eta 20garren mendeetan, Euskal Herriko sagardotegiek maiz antolatzen zituzten bertso saioak, bertaratzen ziren sagardozaleak entretenitzeko. 21garren mendean ere usadio horri eusten diote hainbat sagardotegik eta aurten, hirugarren urtez, Bertso Afaria antolatu du Zapiain Sagardotegiak.
Ziburuko Piarres Larzabal ikastolara bideratuko da dirua
Sagardoa eta sagardotegiko ohiko menua dastatu bitartean, Arzallusek eta Zubeldiak hainbat bertso eskainiko dituzte. Ekimena Zapiain Sagardotegiak antolatu du, Alkorta Bakailaoak eta Txogitxu haragi hornitzailearen laguntzarekin, 2020ko txotx sasoiaren baitan.
Gaki Ge! lelopean ospatuko da datorren maiatzaren 10ean Herri Urratsen 37garren edizioa Senperen.
Aurten, Ziburuko Piarres Larzabal ikastolaren hazkundeari laguntzeko bideratuko dira bildutako baliabide ekonomikoak, baita Zapiainen ospatuko den hirugarren Bertso Afariko irabazi guztiak ere.