Astigarragako udal mapa eguneratu eta berritu du Udalak, eta datozen egunetan, herritar guztien etxeetara bidaliko du. «Denbora laburrean herriak aldaketa ugari jasan dituenez, bereziki erabilgarria izan daitekeela uste dugu», adierazi du.
Horrela, aurreratu du bi alde ezberdin dituela mapa berrituak. Alde batean, ortoargazkian oinarritutako mapa eta kale izendegia ageri dira; eta beste aldean, berriz, mapa topografikoa. Hortaz, honako informazioa jasotzen dute bi mapek: kale izendegia, auzoak, poligonoak, oinezko ibilbideak, errepideak, zentro ofizialen eta bestelako interes puntuen kokapena...
Euskarri fisikoan izango dute mapa herritarrek, baina nahi duenak, interneten ere kontsultatu ahal izango ditu kale izendegia eta mapa, Udalaren webgunean, astigarraga.eus/eu/kale-izendegia helbidean.