27 poligonoa

27 poligonoko Ubarburu gunea lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzea, «onura»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 25a, 00:00

Asteazkenean bildu zen Udala herritar eta interesdunekin, Ubarburu Zabalpeneko guneari dagokion aldaketa azaltzeko

Asteazkenean egin zen parte-hartze saioa, herritarren ekarpenak jasotzeko. Hasierako onarpena emanda, 30 egunez ikusgai egongo da proiektua, alegazioak egiteko. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioak eman beharko diote onarpena.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko prozesua martxan dauka Astigarragako Udalak 27 poligonoko Ubarburu Zabalpeneko guneari dagokion sailkapena aldatzeko, urbanizagarri izatetik lurzoru urbanizaezin bihurtzeko, alegia. «Aldaketa hau aurreko legedian abiatu zen EH Bilduk proposatuta», Xabier Urdangarin alkateak azaldu duenez, «baina epaitegietan amaitu zuen gaiak, eta justiziak adierazi du aldaketa hori baliogabea dela, parte-hartze saiorik egin ez zelako. Bestela, gainontzeko guztia egokia dela esan du».

Horrexegatik, asteazkenean herritarrei azalpenak eman eta haien ekarpenak jasotzeko parte-hartze saioa egin zen udaletxean. «Orain martxan jarriko da berriz aldaketa, baina EAJren udal gobernuak egin ez zuen parte-hartze saioarekin».

Jarduera ekonomikoetarako gune berri bat sortzea atzera, «interes publikoaren ikuspegitik zentzurik ez duelako» 

Dagoeneko hainbat aldaketa egin zaizkio HAPOri; esaterako, Urumea Berriko Ibaiondo etxea babesteko, DBH Mendiaundi-Anibarren kokatzeko edota Urumea Berrin aurreikusitako hotela eta bulegoak beharrean, etxebizitzak bideratzeko.

Ubarburu Zabalpenean jarduera ekonomikoetarako gunea aurreikusi zen, baina «jabeek lau urte izan dituzte eremua garatzeko eta ez dute inolako urratsik eman hori bideratzeko, beraz, esan daiteke hori sustatzeko interes pribaturik ez dela egon», Urdangarinen esanetan. Udalak berak ere ez du horrelako interesik. «Jarduera ekonomikoetarako gunea poligono bat bideratzeko litzateke, hau da, Ubarburu edo 27 poligonoaren haunditzea ekarriko luke. Baina horrek hainbat eragin ezkor lituzke; nagusiena, ingurumen aldetik. Eremu horretan poligono bat aurreikusteak lur mugimendu izugarria eragingo luke, eta egun, eremu naturala dena artifizializatzea». 

Horrez gain, ikuspegi ekonomikotik ere zentzugabea litzatekeela uste du alkateak. «Herrian badaude jarduera ekonomikoetarako hutsik dauden lur-sailak, hala nola, Ubarburu poligonoan bertan (Colas Otaduy-ren partzela pribatua), Txalaka poligonoan beste bi (pribatuak, baita ere), eta Zarkumendegin (Astigarraga Lantzen-en jabetzakoak, eta beraz, %100 publikoak). Ahaztu gabe, krisiak medio, pabilioi eta lokal industrial asko hutsik daudela. Beraz, ez du zentzurik gehiegizko eskaintza hau mantentzeak, batipat, Udalak jarduera ekonomikoetarako lur-sailak salgarri dituenean. Gure asmoa da, gutxienez, herrian dauden lur-sail huts horiek guztiak bideratzea eta betetzea; batipat, Zarkumendegikoak. Ho­­rre­­la, horiek salduta, Uda­lak diru-sarrerak izango li­tuz­­ke­­elako. Beraz, interes pu­­bli­­koa­ren ikuspegitik, ingu­ru­­­me­­­na eta Udalaren interes eko­­no­­mikoa kontuan hartuta, ez du zentzurik eremu hau jar­du­era ekonomikoetara bide­ra­tze­ak».

«Onura», baita herriko komertzio txikiarentzako ere

Egin nahi den aldaketak ez du praktikan egoera aldatuko. Eremua pribatua denez, «jabeek erabaki beharko lukete bertan zer egin, beti ere, arauek lur ez-urbanizagarrietarako aurreikusten dituen jardueren baitan». 

Jarduera horiek dira nekazaritza, abeltzaintza... Hain zuzen, orain egin daitekeena. Izan ere, Urdangarinek adierazi duenez, «gogorarazi behar da egun eremu horretan landa-eremuko jarduerak bakarrik baimen daitezkeela, ez baita inolako urratsik eman eremu hori hiritartzeko. Legeak dio, hiritartu arte eta eremuak dagokzion hirigintza agiri guztiak onartuak izan arte, landa-eremu bezala jarraitzen duela. Beraz, aldaketa honek bilatzen du arauetan jasotzea gaur egun dagoen egoera».

Horrek Astigarragako herriari onurak ekarriko dizkiola uste du Udalak. «Ingurumen aldetik, haundiak, eta bestetik, eskaintza bideratuz, Udalak Zarkumendegin dituen lurrak saltzea erraz dezake, eta horrek, Udalari diru-sarrerak eragin ahal izango lizkioke, herrian beharrezkoak diren hainbat inbertsio gauzatzeko». Bestalde, Ubarburu Zabalpeneko gunean merkataritza gune bat eraikitzeko aukera atzera botatzea ere positibo jotzen du. «Uste dugu merkataritza gune haundi batek ez liokeela inolako mesederik egingo herriari. Astigarraga merkataritza gune haundiz inguratuta dago, eta horrek egoera larrian utzi du gure herriko komertzio txikia. Beraz, merkataritza guneak zabaldu beharrean, hobe dugu gure herriko komertzio txikia bultzatu eta politika ausartak garatu komertzio eta herri bizia izateko».

Behin betiko onarpena, hainbat pausuren ondoren

Asteazkeneko saioan herritarrei egoera eta asmoen berri eman ondoren, haiek ere izan zuten aukera zalantzak argitzeko, eta orain, hasierako onarpena emango zaio Plan Orokorraren aldaketari. Gero, 30 egunez ikusgai egongo da proposamena, herritarrek edo interesatuek alegazioak egiteko. Horiek aztertu eta ebatzi ondoren, Udalak behin-betiko onarpena emango dio, eta Eusko Jaurlaritzari bidali, bere oniritzia eman dezan. Horretarako, hiru hilabeteko epea izango du Jaurlaritzak.

Horrez gain, behin Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso­ta, Diputaziora bidaliko da proposamena, honek ere behin-betiko onarpena eman diezaion. Izan ere, «Udalak eskumena du HAPO aldatzeko. Hasierako eta behin-betiko onarpenak Udalak berak ematen ditu. Baina 7.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan Diputazioak eman behar dio behin-betiko onar­pena. Gure kasuan, dagoeneko 7.000 biztanleko kopurua gain­ditu dugu, baina indarrean dagoen errolda datua 2018ko urtarrilaren 1ekoa denez, oraindik behin-betiko onarpena Diputazioak eman beharko dio». Horretarako, beste hiru hilabetetako epea izango du Aldundiak ere. Dena den, Xabier Urdangarin alkateak az­pi­ma­rratu du «aurreko legealdian martxan jarritako espedientean, administrazio guztiek oniritzia eman ziotela aldaketari, eta orain ere horrela izatea espero da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!