Urteko batzarra egin zuen astelehenean Galtzaur jubilatuen elkarteak, udaletxeko pleno aretoan. Besteak beste, inplikazio haundiagoa eskatu zien bazkideei zuzendaritzak, eta zuzendaritza berritzeko eskaera ere luzatu zuen.
Horrez gain, 2020rako asmoen berri ere eman zuten. Besteak beste, hasi berria den Astigarraga ehuntzan proiektuaz hitz egin zuten.
«Gozatzeko eta parte hartzeko asko dugu, baina gutxiengoa da; ez naiz gehiagorako konpromisoa hartzera ausartzen»
Batzarrari hasiera emateko, 2019ko batzarreko akta irakurri eta onartu zen, eta gogorarazi zen Francisco Javier Ayestaran Echeverria kide eta idazkaria ordezkatu behar izan zela, heriotza medio. Horrela, egungo zuzendaritza ondorengo kideek osatzen dute: Emilio Adan Camino, lehendakariak; José Goikoetxea Larreta, idazkariak; Maria Lucia Zamarro Antón, lehendakari ordeak; Elvira Arangoya Imaz, diruzainak; eta Ángel Mateos González eta Maria Concepción González Holgado bokalek.
Hauen izenean hitz egin zuen Emilio Adan Camino lehendakariak, bazkideen inplikazio haundiagoa eskatzeko, beste behin. «Gustatuko litzaiguke, eta berriro eskatzen dugu, zuen partehartzea eta laguntza, gutxienez, urtean behin. Bazkideak bagara, zerbaitetarako da. Gozatzeko eta parte hartzeko asko dugu, baina gutxiengoa da; ez naiz gehiagorako konpromisoa hartzera ausartzen, garrantzitsuena denak kale egiten baitit, hau da, zuen kolaborazioak eta elkartera etortzeak».
Horrekin batera, bazkidetzaren erabilera okerra egiten dela ere gogorarazi nahi izan zuen. «Hau mantendu nahi badugu, inplikatu beharra daukagu. Ikusten dugu badirela bazkide egiten direnak, podologora joan ahal izateko bakarrik, elkartera etorri eta bertan parte hartzeko inolako asmorik gabe, eta lotsagarria iruditzen zaigu batzuen egoismoa norainokoa den».
Egun, 337 bazkide daude, eta batzarrera 47 gerturatu ziren.
Zuzendaritza berritzeko beharra
Bestalde, gogorarazi zuen ahal izanez gero 2020a egingo duela aurtengo zuzendaritzak, baina ordezkatuko dituztenak behar dituztela, «ideia berriak ekarriko dituztenak».
Proposamen berriak
Urte berrirako proposamen berriak zein ziren ere jakinarazi zuen. Besteak beste, hainbat irteera eta bazkari antolatu dira dagoeneko, San Sebastian egunekoa barne. Hurrengoa, otsailaren 23ko sagardotegia izango da.
Ondoren, Iratxera irteera egingo dute martxoaren 21 inguruan; Avilara irteera apirilaren 17rik 19ra; ibilaldi neurtua maiatzaren 16an eta Azpeitiara irteera 23an; Teruelera irteera ekainaren 26tik 28ra; festerako bazkaria uztailean; Peñiscola edo Calpera irteera irailaren 10ean; Leonera irteera urriaren 23tik 25era; ibilaldi neurtua azaroaren 14an eta 80 urtekoen bazkaria 27an; eta bingoa eta txistorrada abenduan.
Gehiago ere izango dira. Horietako bat da, aste honetan hasi den Astigarraga ehuntzen proiektua, Martuteneko DBHko ikasleekin esperientziak partekatzeko aukera emango diena.