Galtzaur

Bihar hasiko da Galtzaurren, 'Astigarraga ehuntzen' proiektua

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 22a, 14:07
Urtarrilaren 16an egin zuten koordinazio bilera, gaiak zehazteko.

Belaunaldi desberdinak harremanetan jartzea du helburu proiektua; Martuteneko DBH 3 eta 4 mailetako ikasleek hartuko dute parte, Galtzaurreko jubilatuekin batera. Aurreneko saioa bihar izango da, 11:30etatik 14:30etara.

Astigarragako Udalak Astigarraga ehuntzen proiektua jarri du martxan, belaunaldi desberdinak harremanetan jartzeko asmoz. Denera, zazpi saio egingo dira, bihar hasita.

Hainbat gai, adinekoen eta ikasleen artean lantzeko

Proiektuan hartuko dute parte Galtzaur jubilatuen elkarteko adinekoek eta Martuteneko ikastetxeko DBH 3 eta 4 mailetako ikasleek. Haiekin batera saioak dinamizatzen ariko dira Bat, Bi ta Hiru enpresako bi dinamizatzaile.

Helburua da belaunaldi desberdinen arteko harremanak sendotzea, eta elkarren artean ezagutza eta intereseko gaiak partekatzea. Horretarako, denera zazpi saio egingo dira, eta aurrenekoa, bihar egingo da.

Saio bakoitzean, gai bat landuko da. Hain zuzen, urtarrilaren 16an koordinazio bilera egin zuten adinekoen eta ikasleen ordezkarien artean, eta bertan zehaztu zituzten landuko diren gaiak. Biharkoan, sare sozialen inguruan ariko dira, eta horrekin batera, harremanak landuko dituzte, bai teknologien bidezkoak eta baita aurrez aurrekoak ere. Biharko saioa Galtzaurren bertan egingo da, goizeko 11:30etatik 14:30etara.

Hurrengo saioetako batzuk, berriz, kalean egingo dira, eta beste batzuk Galtzaurren baita ere. Bakoitzean, gai desberdin bat landuko da: otsailaren 6an, kontzientzia eta birziklapnea; otsailaren 13an, Ezagutu Astigarraga; otsailaren 27an, musa; martxoaren 5ean, Do it yourself lorategiak; martxoaren 10ean, sexualitatea; eta azkenik, martxoaren 26an, sukaldaritza.

Udalak parte hartzera animatu ditu 55 urtetiko gorako astigartar guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!