Izaro Andres Zelaieta abeslariak ireki du txotx denboraldia Astigarragan, aurten. Alorrenea sagardotegian aurreneko kupela ireki, eta «Gure Sagardo Berria» oihu eginda dastatu zuen uzta berriaren aurreneko tragoa, alkoholik edaten ez duen arren: «ni gabe joaten dira koadrilakoak parrandan beti», onartu du barrez. Sorpresaz hartu zuen deia: «norbaitek nahi izan du bere lanaren emaitza nik estreinatzea, eta hori oso polita da». Baina onartu du, «entrenatuta» joan zela txotx irekierara, lagun batzuek erakutsi baitzioten sagardoa edaten, aurreko asteburuan bertan.
Astigarragako txotx irekiera egin duzu. Berezia izan da zuretzat?
Oso berezia izan da. Ez nuen sekula imajinatuko horrelako zerbait egingo nuenik, sorpresa haundia izan zen niretzako. Gogotsu nengoen, txotxa irekiko nuela jakin nuenetik.
Ohitura daukazu sagardotegietara joan edo sagardoa edateko?
Nahiko barre egiten dute nire ingurukoek honen kontura. Paradogikoa da, nik ez dudalako alkoholik edaten, eta ez naiz sekula jai-giro zalea izan (barrez). Ni gabe joaten dira koadrilakoak parrandan beti, eta pixka bat haserre dauzkat, nik egin dudalako txotx irekiera, eta ez beraiek; urtero joaten direnak sagardotegira, txotx denboraldian, hutsik egin gabe. Abentura txiki bat izan zen irekiera niretzat, baina entrenatuta joan nintzen. Aurreko asteburuan, Donostiara etorri zitzaizkidan lagunak, eta sagardoa edaten erakutsi zidaten. Koadrilakoen omenez ireki dut txotxa, sagardotegi giroaz goza dezaten gogotik, urtero egiten duten lez.
Astigarragatik Donostiara jaisten zuten sagardoa, Urumea ibaian barrena, garai batean. Sagardoarentzat bezala, esanahi berezia dauka Urumea ibaiak, zuretzako ere? Zer iradokitzen dizu? Itsasoak inspiratzen zaituela esan izan duzu…
Ba bai. Badu zerbait Donostiak bereziki inspiratzen nauena, bere arkitektura, Urumea, itsasoa, hondartzak… Urak presentzia asko dauka nire sormenean, argiak ere bai. Badira norabait eramaten gaituzten bi kanal. Gainera, ura izan daiteke gazia edo geza, egon daiteke geldi edo izugarrizko korrontean, izan daiteke kolore ezberdinetakoa, tenperatu ezberdinetakoa. Bizitzaren muina da, ea hasten garen behingoz gure itsasoak zaintzen, plastikoz bete dugu topeetaraino. Ez goaz ondo.
Eta sagardogintzak inspiratu izan zaitu inoiz?
Momentuz ez. Baina hemendik aurrera nork daki!
Frutei erreferentzia egin izan diezu abestietan, behintzat… ‘Limones en invierno’ diskoa estreinatuko duzu laster. Zeri buruzkoa izango da?
Diskoa bidai txartel bat da neronek asmatu dudan limoizko unibertsora. Barruan paisai ezberdinak aurkituko dituzue, kantu ezberdinek gidatuta. Behin entzuten hasita nahi bestetan etorri ahalko zarete nire mundu txiki honetara bisitan.
‘La felicidad’ da zure abestirik ezagunenetakoa. Zoriontasun horretan lagundu dezakete sagardoak eta sagardotegiek?
Norberaren araberakoa da hori. Ziur nago jende askoren zoriontasunean duela eragina sagardotegiak, nik ezagutzen ditut batzuk (barrez).
Izatez mallabiarra zara. Sagardotegi ingurua da hura?
Nik dakidala ez, baina sagardotegi zale ingurua bai. Guztiek gelditu naute txotx irekiera dela eta zoriontzeko.
Berandu hasi zinen musikagintzan, eta gainera, erdi kasualitatez, ezta?
Hala da. Nire unibertsitateko ikaskide bati gitarra bat tokatu zitzaion tonbola batean, ez zuen nahi, eta niri eman zidan. Jotzen ikasten hasi nintzen etxean nire kontura eta bost abesti idatzi nituen kolpetik. Pisukideek animatu ninduten jotzen hastera, eta hemendik hara, handik hona, hirugarren diskoaren zain nago orain.
Ordutik ibilbide geldiezina izan duzu. Atzera begiratu, eta zer ikusten duzu azkeneko bost-sei urte hauetan?
Gauza pila bat. 20 urte ikusten ditut sartuta azken sei urteetan, minutu batean pasatu diren 20 urte. Nire bizitza guztiz aldatu da, ez da erraza izan egoera berrira moldatzea, baina balantzea oso positiboa da. Jende zoragarria ezagutu dut, beraiek ezagutu gabe nolakoa nintzen ahazteraino. Super familia polita gehitu zaio nire betiko familiari, oso zorteduna sentitzen naiz.
Imajinatzen zenuen zure burua oraingo egoeran, oraindik Komunikazio Gradua ikasten ari zinen garaian?
Keba, nola imajinatuko nuen ba! Beti izan dut bizitza hau bizitzeko ametsa, nola pentsatuko nuen ba beteko zenik? Baina hemen nago gaur, amets berriak amesten.
Dagoeneko jaso dituzu hainbat sari eta errekonozimendu. Horietako bat asteazkenekoa, txotx irekierarena; besteetatik ezberdina… Espero zenuen halakorik?
Ez nuen espero ez. Ez du edonork jasotzen gonbidapen hau eta maitatua sentitzen naiz. Norbaitek nahi izan du bere lanaren emaitza nik estreinatzea, eta hori oso polita da.
Txotx irekiera egiten gazteenetakoa izango zara, gazteena ez bazara. Garai berri baten islada izan daiteke?
Beti esan izan didate gorputz gazteko arima zaharra naizela.
Berehala argitaratuko duzu diskoa, eta Mexikora bira egingo duzu hurrena. Zein proiektu eta asmo dauzkazu esku artean, aurrera begira?
Nire proiektua da diskoa atera, mimoz aurkeztu, eta biran aritzea jo eta su, ahal dugun leku guztietan. Hirugarren aldiz goaz Mexikora, askoz pozten nau musikarekin beste leku batzuk ezagutzeko aukera izateak.