2019ko uztarekin 12 milioi litro inguru sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian, horietatik 8,5 milioi bertako sagarrarekin. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin 3.000.000 litro sagardo ekoiztu dira. Guztira 48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa: Gipuzkoako 41ek, Bizkaiko bostek eta Arabako bik.
Aurtengo bertako sagarraren uzta oso oparoa izan dela kontuan izanda, sagardogileek nahi izan duten sagardoa ekoizteko aukera izan dute. Aurten Alorrenea sagardotegian dastatuko den sagardo berria, eskuz bildutako bertako sagar barietate hauekin ekoiztutako sagardoa da: Moko, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki, Txalaka eta Geza Mina.
Aurreko urteetan baino kolore alaiagoa duen sagardoa da. Usaimenean oso garbia da. Sagardoek fruta freskoaren usaina dute. Karboniko maila ona duten sagardo naturalak dira, kupeleko hartzidura ondo egin baita. Orokorrean, sagardo oso orekatua da.
Bertako sagarren urtea
Bertako sagarraren ekoizpena oso altua izan da. Aurreko urtearekin konparatuta, heldutasuna pixka bat atzeratuagoa etorri da eta uzta oso oparoa izan da.
Hori dela eta, sagasti askotan adar eta enbor asko hautsi dira eta sagarren neurria txikiagoa izan da, barnealdean bereziki. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko sagardoa ekoizteko, 500 hektarea inguru eta 250 sagargileren 5.000.000 bat milioi kilo sagar erabili da.
Hemeretzigarren urtez jarraian, irailaren hasieran kontrol bat egin zen Fruitel eta Sagardoaren Lurraldearen artean Gipuzkoako sagasti ezberdinetako sagarren egoera ezagutzeko. Honetarako, Gipuzkoako zenbait sagasti jarraitu eta 14 barietate kontrolatu ziren: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Manttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Verde Agria.
Azukre maila baxuagoa
Azukre maila aztertuz, aurtengo urteak, bataz beste 10,5 gradu Brix ditu, aurreko urtean baino zazpi hamarreko baxuagoa. Almidoiaren erregresioa 3,5ko indizean dago, hau da, aurreko urtean baino 3 hamarreko baxuagoa.
Garapen nabarmena sagardoaren kalitatean
Gipuzkoako Foru Aldundiko landa inguruneko departamentuak azken urteetan bertako sagarraren alde egindako lana azpimarratzekoa da: 2016an hasita, 104,34 hektarea landatu dira eta 1.163.834 euroko diru-laguntzak onartu dira 2016an hasita.
Honetaz gain, Fraisoro Laborategia sagardoa ematen ari den bilakaeraren lekuko da, baita sektorea kalitatearen hobekuntzaren eta ezagutzaren alde egiten ari den apostuarena ere.
2019an Fraisoro Laborategian 5.700 lagin inguru aztertu ziren fisiko-kimikoki, 41.500 determinaziorekin. Analisi hauetan, azpimarratzekoa da prozesuaren amaiera arte muztioen analisiek duten garrantzia, produktua bere komertzializaziorako dagoen unean. Izan ere, gauzatzen diren azterketak aldatu egiten dira produktuaren egoera unearen arabera.