Asteazkenean, Sagardo Berriaren Egunarekin, hasi zen txotx denboraldia Astigarragan. Eta Sagardoetxeako aurkezpenean aurrena, eta Alorrenea sagardotegiko irekiera ekitaldian gero, gonbitea eta deia luzatu zieten sagardozale guztiei, Astigarragako sagardotegietara etorri eta sagardo berriaz gozatzeko: «etorri gurera eta ondo pasa, pasa gabe», gonbidatu zituen Xabier Urdangarinek, eta azpimarratu zuen, eraso sexistarik ez dutela onartuko. Era berean, herriko eragileen elkarlana nabarmendu zuen alkateak.
Bertso, txalaparta eta dantza artean hartu zituzten aurreneko sagardo tragoak eguerdian, eta baita estreinako sagardotegi menua dastatu ere.
Eta arratsaldean, Txotx Berri Herrikoiaren txanda izan zen, herriko tabernetan. Horietan ere, sagardo berriaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek, txotx eginez, trikitilari eta pandero-joleek girotuta.