Hasi da txotx denboraldia Astigarragan, Izaro Andres Zelaieta abeslariaren eskutik. Alkoholik edaten ez duela onartu arren, berak eman dio aurreneko tragoa, aurtengo sagardo berriari, estreinako kupela irripartsu ireki ondoren, Alorrenea sagardotegian.
Sagardoetxean, uzta berriaren nondik norakoak azaldu dituzte aurretik, sagardogileen eta instituzioen ordezkariek. Eta segidan, sagarrondo berri bat landatu du Izaro Andresek, Sagardoetxeako sagastian, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendiren bertsoen artean.
Horren ondoren mugitu dira denak, Alorreneara. Eta dantzariek sagar dantza eskaini ondoren, soka dantzarekin gerturatu dute sagardogileek gonbidatua, aurreneko kupela horretara.