Haurrentzako antzerki saioa eskainiko du Zurrunka Teatro konpainiak, datorren igandean, urtarrilaren 19an. Aioko ikuskizuna emango dute txotxongiloen bitartez, kultur etxean, arratsaldeko 17:00etan hasita.
Irla bat da Aioko, eta bertako biztanleek, ahaztu egin dute nolako balioa izan dezaketen aniztasunak, naturarekiko errespetuak, eta bizitzaz gozatzeko denbora libreak. Irla alaia izan zen garai batean, baina iluntasuna da haien bihotzen jabe, gaur egun. Bertako biztanle dira Azkartxin eta Moteltxin ere, antzezlaneko protagonistak; baina gainerako bizilagunek baztertu egin dituzte.
Bidaia fantastiko batean murgilduko dira biak, eta denetik izango du: abenturak, emozioak, sorpresak, jenioak eta argiz betetako itzalak.
«Antzezlan hurbila, atsegina eta dinamikoa da; familia giroan elkarbizitzari buruzko hausnarketa egiteko gonbitea», azaldu du Zurrunka Teatroak.
Nerea Ariznabarreta eta Eñaut Gorbea antzezleek ahotsa, bi protagonistei
Jakinminez betetako pertsona oso arina da Azkartxin, eta aldiz, nahiko baldarra eta oso motela Moteltxin. Horregatik baztertu dituzte bizilagunek. «Baina lasai, gaur egun gure irla zeharo aldatu da, eta lehen baino alaiagoa eta errespetuz beterikoa da. Ez dizuegu dena aurreratu nahi, hala ere», kontatu dute bi protagonistek. Istorio hori, Aioko irlako biztanleen elkarbizitza hobetu zuena, kontatuko dute antzezlanean.
55 minutuko iraupena izango du saioak, eta euskeraz eskainiko dute, lau urtetik gorakoei zuzenduta bereziki. Eñaut Gorbea eta Nerea Ariznabarreta antzezleek jarriko diete mugimendua eta ahotsa, Azkartxin eta Moteltxin protagonistei.
Datorren astean zehar salgai, antzezlanerako sarrerak
Aioko antzezlana ikusteko sarrerak, datorren astelehenean jarriko dituzte salgai: internet bidez, www.astigarraga.eus web orrian; edo Astigarragako kultur etxean bertan. Emanaldiaren egunean ere izango da erosteko aukera, saioa hasi baino ordubete lehenago, kultur etxean.
Haurrentzako sarrerak 2,5 euroan jarriko dituzte salgai, eta helduenak 5 euroan.