Ostegunean argitaratu zuen Astigarragako Udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, lanpostu bat betetzeko: udaltzainen ofizialorde postua. Eta atzotik hasita, 15 egun balioduneko epea dago eskaerak aurkezteko, urtarrilaren 30era arte.
Udaleko Erregistro Telematikoan aurkeztu behar dira, honakoekin: jatorrizko administrazioak egindako ziurtagiria, egiaztatuz polizia kidegoko kide dela, ofizialorde kargua duela eta zerbitzu aktiboan dagoela; NANaren fotokopia; administrazioaren baimena; eta baloratu beharreko merezimenduen egiaztagirien fotokopia.
Administrazio bereziko eskalako funtzionari lanpostua izango da, zerbitzu bereziko azpieskalakoa, C1 sailkapen taldean. 20koa izango da postuaren maila osagarria, eta 18.057,90 euroko osagarri berezia izango du. Hirugarren hizkuntza eskakizuna izango du.
Eskaerak aurkeztutako epea bukatuta, onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda argitaratuko du Udalak, hilabeteko epean. Gero, merezimenduen balorazioa egingo da, GAOn zehaztutako puntuazioen arabera; eta elkarrizketa pertsonala egingo zaie hautagaiei.