Datorren asteartean izango du urte berriko aurreneko saioa, hilaren 14an, Astigarragako Irakurketa Klubak. Eta oraingoan, Slavenka Drakulic idazle kroaziarraren Han ez banengo bezala liburuari buruz ariko dira, arratsaldeko 19:30etan hasita, liburutegian.
Isabel Etxeberriak gidatuko du saioa, eta doakoa eta irekia izango da partehartzea.
1999an idatzitako liburua, 2018an euskeratua
Orain 20 urte idatzi zuen liburu hori Slavenka Drakulicek, Kao da me nema izenburupean, serbokroazieraz. Makina bat hizkuntzatara itzuli dute ordutik, eta 2018an euskeratu zuen Amaia Apalauza Ollok.
2010ean, gainera, pelikula bat egin zuten, liburuan oinarrituta. Juanita Wilson zuzendari irlandarraren eskutik, As if I am not there izenburua hartu zuen filmak, liburuaren ingelesezko liburuak bezala; baina serbokroazieraz dago egina, eta Mazedonian grabatu zuten. 109 minutuko iraupena dauka.
Bosniako gerraren garairik gogorrenean kokatuta
1992 urtean dago girotuta Han ez banengo bezala liburua, eta Bosnian kokatzen da, bertan izan zen gerraren garairik gogorrenean. Gerraren alderdi izugarrienetako bat erakusten du liburuak: emakumeen aurkako bortizkeria. S izeneko narratzailearen azaletik jasotzen du kontaketa irakurleak.
Suediako erbestetik ari da S, eta modu gordinean eta apaingarririk gabe, gerrako bere bizipenen kronika egiten du: nola atzeman zuten, nola erretenitu zuten zoko batean beste emakume batzuekin batera, nola jasan zituen soldaduen sexu-abusuak... Eta, era berean, nola piztu zitzaion bizirik irauteko sena. Esaldi motz eta eraginkorren bitartez, itolarrian darama irakurlea bukaeraraino, liburuaren hasierako garaiarekin bat egin arte.
Pasazaite argitaletxeak kaleratutakoa da euskerazko bertsioa, eta 212 orrialde dauzka.