Txotx irekierarako 5 sarrera bikoitz, zozketan

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 28a, 00:00

Urtarrilaren 15ean ospatuko da Alorrenea sagardotegian, Sagardo Berriaren Eguna. Urtarrilaren 5ean egingo da zozketa.

Sagardo Berriaren Egunerako prestaketa lanetan hasiak dira Astigarragan. Urtarrilaren 15ean egingo da, aurten, Alorrenea sagardotegian, eta herritarrei aukera emango zaie bertara joateko.

Sagardoaren Lurraldeak 5 sarrera bikoitz zozketatuko ditu 2020ko txotx denboraldiari hasiera emango dion ekitaldi horretan herritarrek ere parte hartu ahal izan dezaten, eta urtarrilaren 5era arte hartu daiteke parte. Horretarako, Astigarragakoa izan, 18 urtetik gora eduki eta sagardogilea ez izatea eskatzen da. Zozketan parte hartzeko, nahikoa da Sagardoetxeara joan, edo 943 55 05 75 telefonora edo info@sagardoarenlurraldea.eus emailera datu hauek bidaltzea: ekitaldira joango diren bi lagunen izen-abizenak. Irabazleak www.sagardoarenlurraldea.eus webgunean jakinaraziko dira.

 

Txotx Berri Herrikoia ere bai

Bestalde, aurten ere Txotx Berri Herrikoia egingo da eguerditik arratsaldera, herritar guztiei irekita. Alorreneako txotx irekiera zuzenean jarraitu ahal izango da 13:45etatik 14:00etara herriko tabernetan. Eta arratsaldean, denetarik izango da, adin guztietako herritarrei zuzenduta.

Batetik, Joseba Barandiaran plazan haurrentzako jolasak izango dira aukeran, 17:30etan, eta 18:30etatik 20:30etara pintxotx musikatua egin ahal izango da tabernetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!