MUNDARRO

Borja Manchado eta Lorea Aiala azkarrenak atzo, Inuxente Krosean

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 23a, 00:00

Euripean izan bazen ere, 105 heldu zein gaztetxok hartu zuten parte atzoko Inuxente Krosean. Herritarren artean, Antton Korta eta Leire Mendioroz izan ziren lehenengoak; eta haiek ere izan zuten saria.

Txantxa artean egin dute, beste behin, Astigarragako Inuxente Krosa Mundarro Kirol Elkarteak antolatuta, baina bihurrikeriak bakarrik ez ziren izan, lasterka ederki egiteko tartea ere izan zuten Astigarragara gerturatu zirenek.

Borja Manchado eta Lorea Aiala izan ziren 6 kilometroko ibilaldia osatzen azkarrenak, gizonezkoen eta emakumezkoen artean, hurrenez hurren. 

Gizonezkoen artean, bigarren izan zen Hodei Lujanbio goizuetarra eta hirugarren, Ivan Verdugo. Emakumezkoen artean, aldiz, Eneritz Arbelaitz geratu zen bigarren postuan, eta Leire Mendioroz astigartarra iritsi zen jarraian.

Sari ederrak jaso zituzten haiek, eta sariak ere izan zituzten astigartar azkarrenek. Antton Korta eta Leire Mendiorozentzat izan ziren haiek; Kortak ezin izan zuen jaso, baina aurrerago jaso ahal izango du.

Aurretik, gaztetxoenak
Helduek ez ezik, gaztetxoenek ere hartu dute parte, denera, 105 parte-hartzaile izan dira, heldu eta gaztetxoen artean. Txikienek norbere adinari egokitutako ibilaldiak egin zituzten, eta ondoren, merienda eman zieten.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!