Abenduaren 28an da Inuxente Eguna, baina astigartarrek aurrea hartu diote, beste behin, egun horri. Gaur egingo dute, hain zuzen, Inuxente Krosa, Mundarro Kirol Elkarteak antolatuta.
Bi txandetan
Arratsaldeko 16:30etan hasita, bi txandetan egingo dute herri lasterketa. Lehenengo, haurrek hartuko dute parte.
Adinaren arabera, lau ibilbide egingo dituzte. 2013-2015 urte artean jaiotakoek, Ikatza-more kolore-ekaitz-ikatza ibilbidea egingo dute; 2010-2012 artekoek, ikatza-ibailur-kutxa-ikatza; 2007-2009 urte artekoek, ikatza- lizardi loreak-ikatza; eta azkenik, 2006a baino lehenago jaiotakoek, helduen ibilbideko lehen bira egingo dute, 2,5 kilometrokoa, hain zuzen.
Arratsaldeko 15:30etatik aurrera eman ahal izango da izena, irteeran bertan.
Haien ondoren, arratsaldeko 17:30etan hasiko da helduen lasterketa. Kale Nagusitik abiatuta, 6 kilometroko ibilbidea osatuko dute, herrian zehar; bukaera Ikatza parean izango du.
Merienda osasuntsua banatuko dute bukaeran; eta sari- banaketa helduen lasterketa amaitzean egingo dute.
Izena emateko, gaur ere bai
Aurretik izena emateko aukera izan bada ere, gaur ere izango da aukera, 15:30etatik aurrera, Kale Nagusian. Haurrek ez dute ordaindu beharko, helduek, aldiz, 5 euro.