UDAL AURREKONTUA

2019tik datozenak eta inbertsio berriak, 2020ko aurrekontuaren «puzzle joko haundi xamarrean»

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 21a, 00:00
Anuska auzoa berritzeko lanen azkeneko faseak gauzatu nahi dituzte, legealdi honetan.

Proiektu ugari aurreikusi ditu Astigarragako Udalak, 2020ko aurrekontuan; horietako batzuk, 2019an gauzatu ez direnak. «Garrantzitsua da 2020koa, baina inportantea izango da gerakina nola kudeatu eta berrantolatu ere, bidean zetozen proiektu batzuk ziurtatzeko eta beste batzuk martxan jartzeko», nabarmendu dute.

Atzo onartu zuen Astigarragako Udalak, 2020rako Udal Aurre­kon­tua, EH Bilduren aldeko bo­toekin eta PSE-EEren abstentzio­a­rekin; EAJ-PNVk bozkatu zuen kon­tra. Eta horrenbestez, dato­rren urterako 9.291.408,11 euroko aurrekontua izango du Udalak.  

2020ko aurrekontua bezain inportantea izango da, hala ere, aurretik datorren gerakina kudeatzea, Xabier Urdangarin alkateak eta Andoni Gartzia oga­sun zinegotziak azaldu dutenez: «tokatu zaigu 2020ko aurre­kon­tua prestatzea, baina baita ere 2019koa kudeatzea, eta ho­rren gerakina. Badira inbertsio asko 2020an egin edo hasiko direnak, baina kasu askotan 2019koak dira. Eta horrek buruko min de­xente ekarri dizkigu; zorionez, dirua egon bazegoelako. Baina hori ez da seinale ona. Izan ere, udaletxe batek bere aurrekontu­etan diru bat jasotzen duenean, erabiltzeko da».

Horregatik, nabarmendu du­te «puzzle joko haundi xamarra» egin behar izan dutela «dena koadratzeko»; ikusteko gera­ki­na nola berrantolatu, «bidean zetozen proiektu batzuk ziurta­tzeko eta beste batzuk martxan jartzeko». Azaldu dute, baita ere, proiektu askotarako aurreikusi­ta zeuden kopuruan ez zeudela «ondo aurreikusita», eta gera­ki­ne­tik hartu behar izan du­te­la: «adibidez, Arrobitxuloko igo­gai­luarentzat, 600.000 euro zeuden gordeta, eta milioi bat eurotik pasako da. Beste horrenbeste kul­tur etxe berriarekin; BEZa ordain­tzea Udalari dagokio, 1.100.000 euro inguru, eta hori ez zegoen aurrekontuan zehatz-mehatz jasota. Eta berdin kultur etxerako ekipamenduen kasuan, edo Emakumeon Plazaren pro­iektuan; aurreikusitakoa ez zen nahikoa», diote.

Gerakina, pendiente dauden proiektuak martxan jartzeko

Astigarragako Udalak aurreikusi du, beraz, 2020an erabiltzea, 2017, 2018 eta 2019 urteetako gerakina: «aurreikusitako gauza asko ez ziren egin, eta exekuzio maila oso txikia izan zen». Hori horrela, oraindik kopuru zeha­tza ez dakiten arren, milioi bat eta bi milioi euro arteko gera­kina daukatela kalkulatu dute: «proiektu asko daude gau­za­tze­ko, eta gerakina izango da pen­diente dauden proiektu ho­riek guztiak martxan jartze­ko».

Horien artean daude, noski, hez­kuntzako hiru proiektuak: «Haur Eskola berrian, asmoa da obrak lizitatzea aurreneko sei­hi­lekoan; DBHko urbanizazio la­­­nak, 2020an jarri nahi ditu­gu martxan; eta Herri Eskola haun­­­ditzeko proiektua ere, 2020an idazteko asmoa dauka­gu», dio Andoni Gartziak. 2020a­rekin ba­tera hasiko dituzte kul­tur etxe berria horni­tze­ko lanak ere, be­hin eskrituratuta. «Milioi eta erdi inguru izango da hornikun­tza. 850.000 euro inguru 2019ko aurrekontuan dauzkagu gorde­ta, ikusentzunezkoen materia­lera­ko; eta gainerakoa, izango dira altzariak, eta sarrerako eta teknologiako kontuak, 2020rako aurrekontutik eta gerakinetik finantzatuko ditugunak».

Gerakina zenbatekoa zein den ara­bera, uholdeen kontrako in­ber­tsio bat aurreikusi da: «egin behar den lanetako bat da, Goi­ko Iturriko urak beste nonbai­te­tik bideratu, Kutxa ingurua ez inundatzeko. Baina milioi bat eu­roko obra izan daiteke. 2020an ez daukagu dirurik ho­rre­tarako, baina 2019tik gastatu­ko ez denarekin, uste du­gu horri heldu ahal izango diogula».

Kirol arloan, frontoia, bizikleta pista eta kiroldegiko lanak

Txomiñene frontoiari ere, «buel­ta bat» eman nahi dio Udal Go­bernuak, legealdi honetan: «eta horretarako, 132.000 euro aurre­ikusi ditugu aurrekontuan. Hori izango da behar nagusiak ase­tzeko. Teilatuan dauden ur ara­zoak, harmailetako arazoak... Hezetasun arazo ikaragarriak dauzkate. Menditik datorren ura ez da ondo jasotzen, eta beraz, frontoiaren atzeko aldean dago­en pareta oso kastigatuta dago. Pareta hori pilotatuta dago, zutoin batzuk dauzka sar­tu­ta mendiari eusteko; eta oraintxe ari gara hori aztertzen, ez dadin izan konpontzen hasi eta men­dia gai­nera etorriko zaigula. Ho­rren diagnostikoa zein den ara­be­ra, diru gehiago inbertitu be­harko dugu pareta ondo jar­tzen, edo ondo egonez gero, frontoia zein aldagelak berritu ahal izango ditugu», azaldu du Xabier Urdangarinek.

Bizikletan ibiltzeko pista edo pump truck delakoa izango da beste nobedade bat: «2018ko aurrekontu partehartzaileetan au­keratu zen, eta Arrobitxulo eta etxe berrien artean egingo da; baina itxaron behar dugu obrak bukatu arte. Iraila aldera izango da hori».

Kirol arloko inbertsio gehiago ere egingo dituzte 2020an; esa­te­rako, 20.000 euro jaso di­tuzte kiroldegiko bizikle­tak berri­tze­ko, eta beste 50.000 euro, ige­ri­leku txikia haunditzeko: «orain aforoa gainezka dago, eta hau­rrek ilara egin behar dute piszi­na txikian sartu ahal izateko. Aztertzen ari gara nola haundi­tu dezakegun, bikoiztea posible bada hala egiteko. Helburua izan­go litzateke, ekainerako prest egotea igerilekua», diote.

Baina asmo potoloagoak ere badituzte legealdi honetarako: kiroldegia haunditzeko asmoa daukagu. Horretarako, dagoene­ko alokatu dugu lokal bat bri­gadarentzat, kiroldegitik bertara trasladatzeko, sei hilabeteko epean edo. Beraz, kiroldegiko espazio hori hutsa geratuko da. Ziur aski, Herri Eskolaren haun­­ditzearekin, lokalen bat kon­partitu beharko du kiroldegiak momenturen batean; baina epe ertain-luzera, hiru-lau urte­ko epean, hori erabat kiroldegia­ren­tzat geratuko da. Metro asko dira, eta proiektu bat egin beharko dugu, finkatzeko zein zerbitzu eskaini behar dituen kiroldegiak». Eta horrekin bate­ra, aztertu nahi dute igerilekua estaltzearen bidera­garri­tasuna: «teknikoki ziurrenik bai, bai­na ikusi behar da zen­bat kostako litzaiokeen Asti­ga­rraga­ri, igeri­lekua mantentzea. Errepikatzen den eskaera bat da, eta behintzat nahi dugu iker­keta sakon bat izan, eztabaida herritarrengana zabaldu eta era­­bakia beraiekin batera har­tze­ko», dio alkateak.

Txomiñene frontoiari buelta bat eman nahi diogu legealdi honetan. 132.000 euro aurreikusi ditugu 2020rako, behar nagusiak asetzeko: teilatuko ur arazoak, harmailetako arazoak...


Anuska eta Perurena auzoak, eta herribideak

Auzoei dagokienez, Anuska au­zo­an daukate erronka potolo bat: «aurreneko eta bigarren fa­se­ko lanak egin genituen gure legealdian, eta orain irisga­rri­ta­sun lanak ere jarri dira mar­txan; baina faltako litzateke erdiko kalearen eta atzeko kale­aren urbanizazioa. Emakumeon Plazarekin batera, herriko gune zaharkituena da, eta 25.000 eu­roko partida bat dago proiektu definitiboa idazteko. Gure as­moa da legealdi honetan buka­tzea lanak», dio Gartziak.
Perurena auzoan ere egingo dituzte lanak, 2020an: «aspaldi­ko eskaera da ludoteka zerbitzua eskaintzea bertan. Frontoian ba­dago lokal txiki bat, inolako obra­rik egin gabe, instalazio mi­nimoekin; eta gure asmoa da hori berritzea. Gerakinean ba­daude 58.000 euro horretarako gordeta, eta 12.000 euro gehitu diz­kiogu, aurrera eramateko. Pro­iektua idazten ari gara, eta gure asmoa da, gutxienez hu­rrengo urteko aurrekontuen bi­le­ra erronda egiterako, lokal be­rrian egotea. Frustrazio haun­dia dago auzoan, urteak dara­maz­ki­telako eskatzen eta eskatzen, eta ezer gutxi egin delako», dio Gartziak. Horrekin batera, fron­toiko argiak ere berrituko dituz­te, 80ko hamarkadakoak direla­ko, eta kontsumoa ere haundia dutelako.

Auzoetako eskaerekin lotura zuzena dauka, herri bideak kon­pontzeko partidak ere: «astindu bat eman nahi diegu aurten, eta proiektu bat egin nahi dugu, ikusteko zein behar dagoen herri bide bakoitzean. 150.000 euro daude herri bideak berritu eta hobetzeko, eta gure asmoa da, Santiomendira igotzeko bi­de­an, leuntzeko falta diren bi kurbak leuntzea. 2020an ez ba­da, legealdi honetan behintzat ziur egingo dugu». Konponketak egingo dituzte sagardotegi zeha­rran ere, Etxeberria eta Erma­ñara doan bidean, ur bideekin arazoak baitaude. Baina beste herri hainbat bidetan ere behar dira kon­ponketak: «auzoetako es­kaerek, askotan, bideekin dute zerikusia. Auzotarrekin hitz egi­tea oso aberasgarria da, beraiek eza­gutzen dutelako ondoen zein behar dituzten bideek. Bai­na be­reziki, eskatzen dutena da egi­tea. Ondo dago joatea eta bilerak egitea, baina bitan edo hirutan eskatu eta ezer ez egitea... Alperrikako bilerak ez zazkio inori gustatzen».

Santiomendin bertan, espe­ro dute udara baino lehen bi­deratzea kaxkoaren urbanizazio lanak: «pixka bat atzeratu da proiektua, auzotarrek eskatu zutelako airetik doan telefonia kableatua lurperatzea, eta zen­tzuzkoa da. Kable pila bat dijoaz airetik», azaldu du alkateak.

Bidebitarteko proiektua, eta plan orokorraren berrikuspena

Beste bi proiektu potolo ere jarri nahi ditu martxan Udalak, da­to­rren urtean. Batetik, Bidebitarte poligonoan lanketa egingo dute, bertako urbanizazioaren berri­kuntza osoa egiteko: «epe luzera jarri nahi dugu ikuspegia. Izan ere, zaharkitua dago, kamioiek bertan aparkatzen dute... Gai­ne­ra, aldiriko trenaren geltokia poligonoaren bestaldean joango da. Eta bertara joateko, bidea egin behar da, hemendik edo handik. Bidebitarten bertan izan dezake pasabide bat, eta hori ho­rrela izango bada, prestatu beharko dugu segurtasun sentsazioa ema­teko. Orain poligono bat da soilik, asteburuetan ez dabil inor, iluna, hezea...».

Beste proiektua da, Plan Oro­korraren berrikuspena: «legeal­diko egitasmo bat da, eta hiru urtetan 363.000 euro aurreikusi ditugu; 2020an, 90.000. Lizita­zioa martxan da, eta kon­tratua sinatzean, lau urte­ko prozesua hasiko dugu, hiri­gin­tza plan orokor osoa be­rri­kus­te­ko. Herri­a­rentzat es­tra­­tegi­koa da».

Bi urtetako kopurua, 2020ko aurrekontu partehartzaileetan

Dirulaguntzei dagokienez, alo­kai­rurako laguntzak haunditu dira, 40.000 eurora; eta ekimen bat jarri nahi dute martxan, ho­ri sustatzeko. Eta Muttuai Fest antolatzen jarraitzeko, hi­tzar­­men bidez bideratuko dute la­guntza aurrerantzean, urtean 30.000 euroko kopuruaz. Gaine­­rakoan, mantendu egin dira he­rriko elkarteentzako diru­la­­­­gun­­­­­tzak. Dirulaguntzekin lotuta, hobari sistema bat ere jarri dute martxan, familientzako: tasak ordaintzeko orduan, familiako kideen arabera gutxiago or­dain­duko dute, %90etik %20ra bitar­te­ko hobariekin.

Mapa Morearen egi­tas­mo­­ari ere segida emango diote, 60.000 eurorekin. Eta kul­tur arlo­an, herriko buru­haun­diak berrituko dituz­te: «emaku­mezko figura baka­rra dago, eta neskamea da gai­nera. Beraz, berdintasun lan ho­rretan, ema­kumezko pertso­naia batzuk sor­tu nahi ditugu, konnotazio posi­ti­boa dutenak», jakinarazi dute.

Bestalde, 2019an ez denez bu­rutu aurrekontu parte­har­tzai­­leen prozesua, 2020an bi urte­e­­tako kopurua jarriko dute, guz­ti­ra 210.000 euro, herritarrek era­ba­kitzeko zer egin. Otsailean hasita, aurreneko seihilekoan gauzatuko da.
Eta azkenik, pertsonal gas­tuetan, bi teknikariren lanpos­tu­ak pasako dituzte lanaldi erditik osora: enplegu teknika­riarena eta berdintasun tekni­ka­riarena, bi sailak indartzeko.

EAJ-PNV: «herriarentzat estrategikoak diren proiektuak ahaztu ditu EH Bilduk»

Aurrekontuen kontra bozkatu zuen EAJ-PNVk atzo, «proposa­men berririk gabeko aurrekon­tuak» direla nabarmenduz: «eta gainera, herriarentzat estra­te­gikoak diren proiektuak ahaz­tu ditu EH Bilduk». Horien artean aipatu du, Uholdeen Aurkako Plana martxan jartzea: «ehun urtez Astigarraga uholdeetatik babesteko plana aurkeztu ge­nu­en, eta EH Bilduk ez du zen­ti­morik bideratu arazo larri honi aurre egiteko». Adie­ra­zi du, bes­talde: «gure alegazioe­tatik inte­resgarriak iruditu zitzaizkienak hartu, eta beraienak balira be­zala aurkeztu dituzte, alega­zio­­etarako epea amaitu ondo­ren». Horren adibide gisa aipatu du DBHren proiektua: «gure ale­ga­zioari esker, hezkuntza­rako diru-partida bideratu da az­ke­nean, nahiz eta beraien aurreneko zirriborroan aurrei­kusita ez egon».

Eta gaineratu du: «zori­txa­rrez ahaztuko den beste pro­iek­tu bat Santiomendi-Landar­baso Paisairako Plana da. Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusten zuen, sariak irabazi zituen, eta paisaian adituak diren pro­fe­sional askoren atentzioa deitu zuen. Baina EH Bilduk, beldurrez, kajoian sartu du egindako lan bikaina. Ez du nahi Astigarragak aurrera egitea, betikoarekin konformatzen da, kontrolatzeko gai denarekin. Begirada motza izaten jarraitzen dute».
EAJk adierazi du, dena den, «zorionez jarraipena» emango diela EH Bilduk, guk hasitako proiektuei: «Arrobitxuloko igo­gailua, Herri Eskola haunditzea, Emakumeon Plaza berritzea, tren geltokia... Proiektu guzti ho­riek EAJk bideratuta utzi zituen ekonomikoki. EH Bildu oso lasai biziko da EAJk egindako lanaz baliatuz; jaso dutenarekin, ez daukate ideia berririk lantzeko inolako presarik. Bideratu dituz­te 90.000 euro Plan Orokorra berritzeko, eta 80.000 hon­da­kin bilketaren inguruko az­ter­­ke­ta bat egiteko. Beste batzuek egin­go dute lan, legealdi ho­ne­tan».

PSE-EE: «borondate oneko keinu bat egin dugu»

Astigarragako PSE-EE, bere alde­tik, abstenitu egin zen: «lege­aldi berriko aurreneko aurrekontu­ak dira, eta borondate oneko keinu bezala, erabaki dugu emen­dakinik ez aurkeztea eta abstenitzea. Uste dugu aurre­kontuak onak direla, proiektu politiko berri baten hasiera su­po­satu dezaketenak; eta balo­ra­zioa eginda, erabaki dugu bere horretan uztea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!