Xaguxarren Negulekua hemen da jadanik urteroko hitzorduari helduz. Etzi astelehenean, abenduaren 23an, hasiko da eta urtarrilaren 3ra arte iraungo du. Gabonak ate joka dira, eta gazteenek hartu dituzte oporrak. Negulekua irekita egongo da abenduaren 23, 26, 27, 30, 31, eta urtarrilaren 2 eta 3an, hainbat ekintza egiteko.
4 eta 12 urteko umeak hartuko dute parte eta astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara egongo da martxan. Herri Eskolan egingo da eta 08:30etatik 10:00etara zaintza-zerbitzua eskainiko da.
Asteartean, 11:30etan, Santiagomenditik behera Olentzero eta Mari Domingi
Xaguxar elkartea Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ere antolatzen du Gabonetan. Asteartean, abenduaren 24an, jeitsiko dira Santiagomenditik eta ikastolako atarian herriko haurrekin elkartuta kaleetan zehar ibiliko dira, 11:30etatik aurrera. Bukaeran udaletxeko balkoitik haurrekin batera abestu eta agurtu egingo dituzte.
Jostailuen truke azoka eraman zen aurrera
Xaguxarrek abenduan ekitaldi ugari antolatzen ditu eta urtero egiten duen moduan, Xaguxar elkarteak jostailuen truke azoka ere antolatu du aurten. Abenduaren 11n Eskolako atarian egon zen postua eta bertan, etxean aspaldian erabili gabe egon ziren jostailuak, eta egoera onean daudenak, utzi ahal izan ziren eta trukean, opari txartelak jaso ziren.
Utzitako jostailuekin jasotako truke-txartela, berriz, ostiralean, hilaren 13an erabili zituzten, jostailuak hartzeko, nahiz eta eguraldi petrala izan.