Gabonak

'Gabon Apartsuak' antolatu dituzte Astigarragako komertzio txikian

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 13a, 00:00

Gaurtik abenduaren 31ra arte herriko komertzio txikian egiten diren erosketak sarituko dira saskiekin eta 30.000 zozketa-txartel banatuko dira 25 establezimendutan.

Astigarragako Udalak, Astiko dendarien elkarteak, Petritegi eta Astarbe sagardotegiek eta Musika Eskolak elkarlanean Gabon Apartsuak komertzio txikian egitasmoa jarri dute martxan gaurtik aurrera. Sagardo aparduna balorean jarri nahi da, aldi berean herri bizi bat eraikiz. Horretarako, gaurtik abenduaren 31ra herriko komertzio txikian egiten diren erosketak sarituko dira. 30.000 zozketa-txartel banatuko dira ekimenera atxikitu diren 25 establezimenduen artean.
Sarien artean, sagar barietate eta errima denbora ezberdinetako apardun zein bestelako gutiziekin osaturiko 30 saski, apardun erosteko 1.000 deskontu-bonu eta sagardotegietara bisita gidatuak zozketatuko dira. Saskiak ez diren sariak jasotzeko irabazleek sagardotegietara deitu beharko dute -Astarbe 943 55 15 27 eta Petritegi 943 45 71 88-.
Guztira, Astigarragan, 25 establezimenduk parte hartuko dute. 19 lokaletan eskuragarri egongo dira zozketa-txartelak eta sei tabernetan herritarrek apardun kopa bat eskatzeko aukera izango dute. Horretaz gain, abenduaren 27 eta 28an, eta iazko esperientziari jarraipena emanez, txikienentzat atrakzioak jarriko ditu Astikok. Aurten hiru guneetara zabaldu da ekimena: Joseba Barandiaran plaza, Kale Nagusia eta Kontxa Etxeberria plaza.

Gaur egun bateko festa antolatu da kontzertuekin eta topa ere egingo da

Guzti honi hasiera emateko egun bateko festa antolatu da gaur. Norberto Almandoz Musika Eskolaren eskutik, kanpaina honekin bat egin eta gaur, kontzertuak antolatu dira. Kanpainari eta Gabonak direla ospatzeko bost musika talde Joseba Barandiaran plazan arituko dira arratsaldeko 18:30etatik 21:00ak bitarte. Musika taldeak dira Ken 8 gaztetxoak, Eira, Aire Aire, Deblauki eta Ze Demontre, azken bi hauek pop-rock musika modernoa egiten dutenak.
Kontzertuen tartean gainera, 19:30ak aldera topa herrikoia  egingo da egun hau ospatzeko eta lehenengo sariak banatuko dira bertan.

Olentzero eta Mari Domingiri gutunak bidaltzeko postontziak

Udalak euskerazko oparien katalogoarekin batera gutun eredu bat bidali du etxeetara eta Olentzero eta Mari Domingiri helarazteko postontziak jarri dituzte herriko dendariek. Astigarrako merkatariek ere zenbait opari eskatu dizkiete Olentzero eta Mari Domingiri gutuna ematera hurbiltzen diren haurren artean zozketatzeko.  
Egitasmoaren aurkezpenean Xabier Urdangarin alkatea, Olatz Mitxelena sagardotegien ordezkari, Astikoren ordezkari bezala Alfredo Ruiz eta Musika Eskolako Anartz Bilbao egon ziren. Azken honek musikariak «kalera irteteko desiatzen» egoten direla nabarmendu zuen. Alkateak herriaren nortasuna mantentzeko komertzio txikiekin eta beste eragileekin sinergiak batzea eta ekimenak antolatzea onuragarria dela azpimarratu zuen eta ildo beretik hitzegin zuen Alfredo Ruizek. Olatz Mitxelenak Ergobin sagardo txanpanatua ekoizten zela XIX. mendean azaldu zuen. 

 

EGITARAUA

GAUR
18:30-21:00: Kontzertuak Joseba Barandiaran Plazan Musika Eskolako bost taldeen eskutik.
19:30: Topa Herrikoia. Barandiaran plazan.
ABENDUAK 13-31
Gabon Apartsuak kanpaina martxan.  Herriko 25 establezimendutan: Astigarraga Consultores, Lorza Aholkularitza, Mapfre Astigarraga, Pastain Irudi Zerbitzua, Lur Jostuna, Ezpela Naturdenda, farmacia Maria Aguado, Astigarragako Hortz Klinika, Simak, las Cestera Gozodenda, Arantxa Ileapaindegia, Oreka, Ogi Berri Ergobia, Coviran Isa, Coviran Ainhoa, Alicia Frutadenda, Artoaene harategia, Uriña harategia, Eroski, Ekaitz taberna, Ikatza taberna, Sagartxo taberna, Kizki taberna, Txiki taberna eta Ibai Lur taberna.
ABENDUAK 27-28
Txikienentzat atrakzioak jarriko ditu Astikok. Hiru gunetan egongo dira atrakzioak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!