Upelio Eguna

40 urte atzera egingo da Astigarragan gaur zortzi, Upelio Eguna 80eko hamarkadan murgilduta ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 7a, 00:00
Chimamanda taldeak girotu zuen iaz Upelio Eguna, 20ko hamarkadan murgilduta.

Arratsalde eta gau partean luzatuko da festa giroa. Besteak beste, egitaraua osatu dute txarangarekin egingo den poteoak, afariak, eta kontzertuek. Izena emateko azken eguna asteazkena izango da. Zipotzan dago zerrenda.

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere Upelio Eguna antolatu du Gazte Asanbladak. Abenduaren 14rako jarri dute hitzordua, baina egun horretako afarirako izen-ematea abenduaren 11n, asteazkenean itxiko da.

Musika eta jatena, giroan sartzen laguntzeko
Arratsalde-gau parterako prestatu dute egitaraua. Arratsaldeko 19:30etan jarri dute hitzordua, eta poteoan emango diote hasiera deialdiari. Astigarragako Kitaldelpare (KDP) elektrotxaranga izango dute, gainera, poteoa laguntzeko.

Ondoren, 21:30etan afaritara bilduko dira Zipotza elkartean. Menua osatuko dute hasierako pikoteoak, oilaskoak eta postreak; eta horrekin guztiarekin, edaririk ere ez da faltako.

Afari txartelak 15 euro balio ditu, eta asteazkena da izena emateko azken eguna.

Hortik aurrera, berriz, norberak eusten dion arte luzatu ahal izango da festa. Gau-giroa jartzeko, hala ere, 00:30etan hasiko da Elektrotxaranga Orkesta musika jotzen. 

Jantziak, ezinbestekoak
Egitarauaz gain, hala ere, giroa jartzen lagunduko duena izango da aurtengo Upelio Egunerako aukeratu den gaia: 80ko hamarkada. Horrela, festara gerturatu nahi duten guztiei eskatu zaie garai hartako jantziak soinean azaltzeko. Orduko gazte jendeak erabiltzen zituzten arropa eta osagarriak jantzi daitezke, edota garaiko musika talde ezagunen estiloak kopiatu... Edo baita, zergatik ez, 80ko familia giroko eszenaren bat gogorarazteko mo­du­ko arropak soinean azaldu.

Lehengo urteko Upelio Egunean, adibidez, 20ko hamarkada izan zuten inspirazio iturri.

Izena, asteazkenera arte
Upelio Egunean festa girora gerturatzeko ez da azaldu besterik egin behar. Baina Zipotza elkartean egingo den afarian parte hartu nahi izanez gero, aurretik eman behar da izena.

Horretarako, azken eguna asteazkena izango da. Zipotzan bertan dago izena emateko zerrenda, eta menuaren prezioa 15 eurokoa izango da.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!