UDALA

Herriko zuhaitzetan, mozketak eta birlandaketak egingo dituzte

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 1a, 00:00

Zuhaitzen egoera aztertu du Astigarragako Udaleko obra eta zerbitzuen sailak, eta kasu batzuetan, mozteko beharra dagoela ikusi du.

Herriko zuhaitzen egoera eza­gu­tzeko, horien azterketa egin berri du Astigarragako Udalak, obra eta zerbitzuetako sailaren bitartez. Eta nabarmendu du, kasu batzuetan, mozketak egi­teko beharra dagoela. Birlan­da­keta batzuk ere egingo dira.

Hiru gunetan aurreikusi di­tuzte mozketak, zehazki: Do­nos­tia Ibilbideko industria­gu­ne­an, Pelotari kalean, eta Txalaka industriagunean.

Donostia ibilbidean, dagoe­ne­ko moztu dituzte zuhaitz ba­tzuk, parasito batek eragindako gaitza zeukatelako. Inguru ho­rre­tan, gainera, mihura kasu­ren bat ere ikusi dute, eta ja­rraipena egingo diote, ikusteko nola eragiten duen zuhaitzaren muinean.

Donostia ibilbidean, parasito batek gaitza eragin die, bertako zenbait zuhaitzi.

Pelotari kalean, berriz, erra­muak mozten hasi dira, asko haunditu direlako zuhaitzak, eta pisu haundia dutelako. Ho­rrek, lurraren ezaugarriak iku­sita, zuhaitzak erortzeko arris­kua dakar, eta segurtasunagatik erabaki dute moztea.

Eta azkenik, Txalaka indus­triagunean, platanondoak dira moztuko dituztenak. Izan ere, azal­du dutenez, «arazo larriak» sortzen dizkiete zuhaitz horiek, indus­triagune horretako jabeei zein era­biltzaileei.

Herriko beste hainbat toki­tan, aldiz, lehortu egin dira zuhaitzak, eta horien birlan­da­keta egingo dute. Besteak beste, izango dira Erribera plazako zenbait zuhaitz, edota Troia ibil­bidekoak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!