Gizarte-ikerketa aplikatuaren eremuan; ikerketa eta planifikazio proiektuak, neurrira eta ikuspegi integral batetik egiten aditua da Siadeco enpresa eta Astigarragarako ikerketa demografikoa egin du horrek izango duen eragina aztertzeko bai etxebizitzan, biztanlerian eta batez ere hezkuntzan.
Datuak ikusita Siadecoren ondorioetako bat agerikoa da. «Herri Eskolako azpiegitura nahikoa zaharkituta eta txikia geratu dela egungo ikasleen eskarirako. Gainera, udalerriko bilakaera soziodemografikoak eta sozio-urbanistikoak datozen urteetan Herri Eskolak garatu beharko duen eskaintzan nola eragingo duen jakingo da herriko hezkuntza beharrak behar bezala betetzeko». Etorkizuneko erabakiak hobeto hartu ahal izango dira txostenean ikusi diren prospekzio eta datuekin. Izan duen bilakaera eta izango duena ikusi daiteke eta argigarriak dira.
Azken urteetan biztanleriaren hazkunde haundia izan du herriak; 2000 urtean 3.400 biztanle inguru izatetik, 7.000 izatera pasa da 2019an; hau da 20 urtetan biztanleria bikoiztu egin du. Kasu bakarra da Gipuzkoan tamaina ertaineko edo haundiko herrien artean.
DBH gabeko herri bakarra
Honek dudarik gabe eragina izan du eta hamar urtera begira hazten joango dela espero da. Astigarraga da 5.000 biztanletik gora DBHrik ez duen udalerri bakarra Gipuzkoan eta Gorlizekin batera bi bakarrak EAEn. Aurtengo ikasturtean 635 ikasle ditu, %18 igo da bost urtetan, eta 31 talde daude, lau gehiago. 2030 horizontean, proiekzio bat egin da eta egungo ikasleetatik abiatuta gutxienez 52 talde izatera eta gehienez 59 izatera pasako da.
Horietatik 38-44 bitartean Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 14-15 DBHn. Gogoratu berriz gaur egun ez dagoela azken eskaintza hau. Ikasle kopuruan ere asko egingo luke gora. Hipotesi minimoan gaur egungo 635 ikasletik 1.074 izatera pasako litzateke eta hipotesi maximoan 1.218 ikasle izatera, hazkundea %53tik-%70era hipotesi minimoa eta maximoaren arabera.
Hala ere, Astigarragako ikasle potentzialak gehiago dira eta noski horren proiekzioa ere haundiago da.
Gipuzkoan baino jaiotze tasa altuagoa
2000garren urteaz geroztik, Gipuzkoakoa baino nabarmen altuagoa da jaiotze tasa Astigarragan; eta azken urteetan bikoiztu ere egin du. Hori bai, 2010etik 2018ra, udal-biztanleriaren hazkundea %35,6koa izan bada ere (4.821 biztanletik 6.539ra igaro zen), jaiotze-tasak behera egin du amaitzen ari den hamarkada honetan (19,5etik %13,3ra), eta beherakada hori, neurri haundi batean, udalerriaren egitura demografikoak berak eragin du.
35-44 urte bitartekoek duten pisu demografikoa haundia da, biztanleriaren %20 dira 2011tik gaurdaino. Beraz, piramideen oinarriek bizitasun demografiko haundia dute. Data horretatik hona, 15 urtetik beherakoak ere herriko biztanleriaren %20 inguru dira, horrek Herri-Eskolaren eskari potentzialean duen eraginarekin.
Hamar urtetan 1.176 etxebizitza berri entregatu dira, gehienak libreak
Atzerrian jaiotakoek biztanleriaren %7,2 osatzen dute, Gipuzkoan baino baxuago; Portugal, Kolonbia, Maroko, Ekuador eta Errumania buruan.
Astigarragako biztanleriaren hazkundea, hazkunde begetatibo (izandako jaiotzen eta heriotzen arteko aldea da) haundiari eta migrazio-saldo positiboari zor zaio.
Izan ere, 2001az geroztik, 1.545 jaiotza izan dira udalerrian, baina migrazio saldoa ere positiboa izan da, eta 2.100 pertsona gehiago izan dira bere bizitokia utzi eta Astigarragan erroldatu direnak, kanpora joandakoak baino.
Atzerrian jaiotako 450 astigartar daude
Astigarragan atzerrian jaiotako herritarrak 450 inguru dira, biztanleriarekiko %7,2. Portzentualki, presentzia baxuagoa dute atzerrian jaiotakoek Astigarragan, Donostialdeko eskualdean edo Gipuzkoan oro har baino.
Horien jaiolekuko herrialdeari dagokionez, multzorik haundiena Portugalen jaiotakoa da 68rekin (atzerrian jaiotakoen %15) eta atzetik datoz Kolonbia (36), Maroko (33), Ekuador (33), Errumania (29), Argentina (25), Venezuela (21), Peru (19) eta Kuba (15).
Etxebizitza eta biztanleria
Etxebizitza kopuruak nabarmen egin du gora azken urteetan; zehazki %59,7ko igoera gertatu da 2005etik 2019ra. Urteren batean izan ezik (2013) etxebizitzen kopuruaren igoera etengabea izan da.
2010tik 2018ra bitartean, etxebizitza nagusien hazkundea 1.694tik 2.427ra pasa da. Antzeko biztanleria duten Gipuzkoako udalerrien artean gertatzen den hazkunderik garrantzitsuena da, alde haundiz, baita Donostian emandakoa baino haundiagoa. Biztanlerian izan den hazkundea azaltzen laguntzen du.
Zehazki, 2011 eta 2019 urteen artean, 984 etxebizitza berri entregatu dira. Entregatutako gehienak etxebizitza libreak dira, baina izan dira baita tasatuak eta babes ofizialekoak. Eta datozen bi urtetan, beste 200 entregatuko dira, gehien gehienak libreak. Guztira beraz, 10 urtetan, 1.176 etxebizitza berri entregatuko dira Astigarragan.
Guztira 7.019 pertsona daude erroldatuak Astigarragan; 4.880, 2011 baino lehen entregatutako etxeetan eta 2.139 handik hona entregatutakoetan.
.