Hauteskunde orokorrak

EH Bilduk aldea gehitu du EAJrekiko, biak igo diren arren

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 11a, 00:00

Bi alderdi abertzaleek %2,53 eta %1,73ko gorakada izan dute portzentaian Podemos-IU eta PSE-EEren kaltetan. Boto kopuruan ere igo egin dira.

EUSKAL Autonomi Erkide­goaren eta Gipuzkoaren tendentzia mantenduz Asti­garragan ere alderdi abertzaleek, EH Bilduk eta EAJk, igoera nabarmena izan dute apirileko hauteskundeekin alderatuta eta horren ondorioa izan da Podemos-IU eta PSE-EEren jaitsierak. Parte-hartzea ere nabarmen jaitsi da %6,5a, nahiz eta horrek boto kopuruan ez kalterik egin, emaitzei erreparatu ezkero, ez EH Bilduri, ez eta EAJ-PNVri. 

Hala ere, bi alderdi hauen arteko borrokan garailea EH Bildu izan da eta oraingoan alde haundiagoarekin. Au­rre­ko hauteskunde orokorretan 37 botoren aldea izan bazen, orain 62 botoena izan da. Alde estua, baina Bilduren alde. 

 

EH Bilduk, 1.051 boto
Paper baliodunen artean, EH Bilduk jaso zituen boto gehien: 1.051 (%31,46). Al­der­di subiranista izan zen, gaine­ra, milaren langa pasa zuen bakarra, 62 botora izan baitzuen bigarren indarra: EAJ. Botoa eman zutenen %29,60ak egin zuen alderdi jel­tzalearen alde, 989 astigartarrek. Biek ala biek, apirileko zitan baino %2,53 eta %1,73 boto gehiago jaso dituzte.

Aurreneko indarra izatetik, hirugarren indarra izatera pasa zen Podemos-IU apirilean eta oraingo honetan hirugarren postua mantendu du, baina botoak galduz; bai kopuruan eta portzentaian, 105 boto gutxiago eta %2,18ko kaltea. Guztira 625 boto eta %18,71ko portzentaia lortu du paper baliodunen artean.

Atzetik geratu da, botoak galduta baita ere, PSE-EE. Alderdi sozialistak 50 boto galdu ditu aurreko hauteskunde orokorretatik eta %0,97ko galera izan du portzentaian. PPk ere botoak galtzen jarraitzen du Asti­ga­rra­gan, oraingoan bi boto, nahiz eta portzentaian %0,07 igo den. Ia emaitza berberak lortu dituela esan liteke, VOX alderdia igo egin da eta beherakada nabarmenena Ciudadanosek pairatu du soilik 22 boto lortuz eta 51 galduz. Dudarik gabe Riveraren alderdia izan da galtzaile nagusia leku guztietan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!