2020 AURREKONTUA

9.291.408 euroko aurrekontua onartuta, 2020rako

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 2a, 00:00
Aho batez onartu ziren puntu gehienak, baina ez udal aurrekontuak eta diru-laguntzetarako plana.

EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin onartu dira. 2019koa baino %3,99 haundiagoa da, eta gehien igo direnak izan dira transferentzia arruntak, eta hauen barruan, besteak beste, diru-laguntzak (%5,77), eta inbertsioak (%54,06).

Asteartean bildu zen udal oso­ko bilkura, hileko azken as­teartero bezala. PSE-EEko zinegotziaren faltan, EH Bildu eta EAJko zinegotziek landu zituzten gai-ordeneko 10 puntuak. Aho batez onartu ziren gehienak, baina desadostasunak izan ziren 2020ko udal aurrekontuei hasierako onarpena ematerakoan, 2020-2023ko di­ru-laguntzen plan estrategikoaren inguruan eta kale izendegiaren aldaketaren inguruan.

 

Ekarpenak jasota, 2020ko udal aurrekontua

Plenoa irailaren 24ko akta onartzearekin hasi zuten. Abs­ten­tzio batekin onartu zen. Se­gidan, 2020ko udal aurrekontu­ei eman zitzaien hasierako onar­pena, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin, eta behin GAOn (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) argitaratuta, jendaurrean jarriko da.

Xabier Urdangarin alkateak azaldu zuen 2020ko udal aurrekontua 9.291.408,11 eurokoa izan­­go dela, «2019koa baino %3,99 haundiagoa. Gehien igo direnak izan dira transferen­tzia arruntak (besteak beste, diru-lagun­tzak, %5,77 igo direnak), eta inbertsioak (%54,06 igo dira)».

Aurreikusitako ekimen «ai­pa­­garrienak» ere nabarmendu zituen. «EH Bildu, udal-gobernua eskuratu duenetik, lanean erabat murgildu da, eta 4 urteetako paralisiaren ondoren, 2020 urtea aspalditik egiteke dauden proiektuak behingoz gauzatu eta herritarren eskaera betegabeak asetzeko urtea izan dadin esfortzua egingo du». Horrela, 2019ko gerakina eta 2020ko au­rrekontua uztartuta, egingo diren hainbat lanen berri eman zuen. Auzo eta landa eremuari dagokionez, Perurenako auzo-elkartea egokitu eta frontoiko argiztapena berritu; landa eremuko garraio zerbitzua jarri; baserri atarietako argiteria eta seinaleak jarri eta diseinatu; hiritartzeak landu Santiomendi kaxkorako, Emakumeon Plaza­ra­­ko eta Anuskarako; eta herri bideen berrikuntza proiektua eta Arro­bitxuloko igogailuarena idatzi. Kirol instalazioei dagokienez, kiroldegiko aireztatze sistema aldatu, igerileku txikia haunditu eta bizikleta berriak jarri; Txomiñenea frontoira da­tozen urak jasotzeko lanak eta frontoia berritu; pump truck pis­ta egin; eta kiroldegia berritu eta igerileku estalia egiteko bi­de­ragarritasuna aztertzeko pro­iek­tua egin. Hezkuntza arloan, herri eskola haunditu, DBHrako Anibarko lurrak hiritartzea eta Kiriketa Haur Eskola berriaren obra egitea. Kulturan, berriz, kultur etxe berria hornitu eta egitura berria prestatzea, «kostua uste baino haundiagoa izango baita». Azkenik, azpimarratu zuen sail batzuk indartuko direla udalean: berdintasun teknikariaren lanaldia haundituko da lanaldi osora; berdin, enplegu eta komertzio teknikariarena; eta baserritar batzordea berreskuratuko da. Euskera lantzeko Topagunearekin ha­rre­mana estutuko dela ere zehaztu zuen.

Aho batez onartu ziren udal langileen soldata igoera  edota Emakumeon Plazaren berrurbanizazioa.

Hori guztiaz gain, alkateak nabarmendu zuen herritarren eta alderdien ekarpenak jaso­tzeko egindako «ahalegina». Hain zuzen, EAJk egindako 12 alegazioetatik 5 onartu dira, 3 osoki eta 2 partzialki. Horren inguruan, Nerea Zusberro, EAJko bozeramaileak «zalantza» agertu zuen, ekarpenak egiteko epearen inguruan, EH Bilduk ez zu­e­la errespetatu iritzita. Idaz­ka­riak eta EH Bilduko Andoni Gartzia zinegotziek azaldu zu­ten «udal gobernuaren boron­da­tez ezarritako epea» zela, «legeak ez duelako eskatzen».

 

Diru-laguntza plana, hiru urterako

Hurrengo puntuan 2020-2023 urteetarako diru-laguntzen plan estrategikoa onartu zuten berriro, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin.

Zusberrok adierazi zuen kontrako botoa emango zutela jel­tzaleek, ez zeudelako ados, besteak beste, sagardotegietarako autobus zerbitzua kentzearekin. Alkatearen esanetan, zerbitzu hori «erabiltzaileek edo sagardotegiek ordaindu beharrekoa da». Era berean, nabarmendu zuen ia milioi bat euro bideratuko zirela diru-laguntzetara.

 

Aho batez, hots kutsadura eta soldata igoeren alde

Gainontzeko puntuetan, desa­dostasun bakarra kale izendegiaren aldaketak sortu zuen. Tranbia ibilbide ondoan sortutako kale berriari Izaskun kalea deitzeko proposamenak, hain zuzen, Zusberroren esanetan ez zelako kultur batzordetik pasa.

Aho batez onartu ziren gainerakoak: aurrekontuen legeak jasotzen duenaren arabera, udal langileen 2019ko soldatari dagokion azken igoera onar­tzea; hots kutsaduraren aurka babesteko ordenantzaren 38ga­rren artikuluari aldaketa puntuala egin eta establezimenduetan ekipo kontrolatzaileak jar­tzea; Gipuzkoako Haur eta Gaz­teen Sustapenerako Erakun­de­ar­teko Sarean jarraitzeko akordioa berritzea; Emakumeon Plaza berrurbanizatzeko proiektuaren 1 eta 2 faseetarako lehiaketa martxan jartzea; Pu­tzuetako ur depositotik Zar­ku­mendegira eta garraio hirira ura banatzeko obra proiektua; eta Kataluniako Procésaren aurkako urriaren 14ko epaiaren inguruko mozio bateratua. Bi alderdiek azpimarratu zuten elkarretaratzea ere elkarrekin egin izana.

Azkenik, galdera eta eskarien puntuan EAJk adierazi zuen hezkuntza batzordea ez dela uztailaz geroztik bildu, eta Herri Eskola haunditzeko pro­iek­tuaren berri jakin nahi zutela. Alkateak argitu zuen azaroan egitea espero dutela.

 

DIRU-LAGUNTZEN PLAN ESTRATEGIKOA  (2020-2023)

GEHITU ETA ALDATU DIREN DIRU-LAGUNTZAK (eurotan)

-Hutsik dauden etxeak alokairu sozialeko erregimenean alokatzeko laguntzak: 30.000 euro.

-Tokiko merkataritza sustatzeko laguntzak: 7.000 euro.

- Astigarragako emakumeen inguruko historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko ikerketa beka: 8.000 euro.

- Nazioarteko lankidetzarako: 60.300.

- Norberto Almandoz musika eskolarekin hitzarmena: 126.748,55.

- Gazte Asanblada: 7.000.

- Herri Eskolak frontoia erabiltzeko: 190.

- DYArekin lankidetza hitzarmena kultur eta kirol jardueretan zerbitzua emateko: 3.000.

 

EZABATU DIREN DIRU-LAGUNTZAK

-Sagardotegietarako autobus zerbitzua: 7.000 euro.

-Santiomendiko auzotarrentzako garraio zerbitzua: 12.000 euro.

-Alokairu sozialeko erregimeneko etxebizitza libreak alokatzeko lagun­tza: 5.000 euro.

- DYArekin lankidetza hitzarmena: 3.000.

- Erroakekin lankidetza hitzarmena: 22.875.

- Auzolan Berri programan Gozogintza proiekturako kontratazio laguntzak: 30.000.

 

MANTENDU DIREN DIRU-LAGUNTZAK

- Turismo alorrean, Sagardun.

- Berdintasun alorrean, Harituz, eta lehiaketa askeean esleitutako programak.

- Euskera arloko guztiak.

- Gizarte Zerbitzuetan, Gure Izarra, Galtzaur, lehiaketa askean esleitutako ekintzak, zerga eta udal tasetarako laguntzak eta harrera familietarako laguntzak.

- Hezkuntza arloan, haur-eskolako hobariak, garraio laguntzak, eta Herri Eskolarekin lankidetza.

- Gazteria sailean, Azstigazte lehiaketarako sariak.

- Kirol arloan, eskola kirola kudea­tzeko laguntzak, igeriketa kanpainarako laguntzak, Mundarro, kirol ekintzetarako laguntzak, kirol programetarako laguntzak, eta kirolarien­tzako laguntzak.

- Kultur eta jai arloan, Aiztondo, Astigar, Txirriskla eta herriko eta auzoetako jardueretarako laguntzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!