Atzotik zabalik, Ibai Parkea

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 19a, 00:00

Aisialdirako gunea da, Andre Gobadarien Ibai Parkea. Argazkia: Udala

Martxan da Andre Gobadarien parkea, atzo arratsaldetik. Paseatzeko, ariketa fisikoa egiteko, haurrek jolasteko edota irakurtzeko baliatu daiteke, besteak beste.

Zabalik da Andre Gobadarien Ibai Parkea, atzo arratsaldetik. Dagoeneko herritar guztientzat erabilgarri dago, Urumea Berri eta Urumea ibaiaren arteko ibai parkea. Aisialdirako gu­nea izango da, eta aukera dute bertan, paseatzeko, ariketa fisikoa egiteko, haurrek jolasteko edo­ta irakurtzeko, besteak beste.

«Lau helburu lortu ditugu, ibai parkearen proiektuarekin: garapen urbanistikoa, uholdeen aurkako esku-hartzea, aisia, eta ibaiaren habitat naturala leheneratzea», nabarmendu du Astigarragako Udalak.

Ibaiaren eremua da parkea, eta «ahalegin berezia» egin du­te, «ibaiaren izaera eta nortasuna» berreskuratzen: ibaiaren bidea errespetatu, landaretza inbaditzailea kendu, bertako zuhaitz eta zuhaixkak landatu (1260 guztira), ibai eremuetako fauna berreskuratzeko baldintzak jarri...

 

Uholde arriskua, parkeak

«Ibaiak urtean zehar behin bai­no gehiagotan hartuko ditu urez, parkearen hainbat ere­mu; eta beraz, edozein jarduera ezin da bertan egin. Jarduera eta ins­talazio horietarako, Ura agen­tziaren baimena eskuratu be­harko da», azaldu du Udalak. Arrisku haundiena beheko ere­muak dauka: «beraz, erne ibili behar da. Ez dugu ahaztu behar, Urumea ibaiaren emaria indarrez etorri ohi dela, eta Urumea ez dela erreka txiki bat. Arduraz jokatzea eskatzen dizuegu». Eta aurreratu dute, uholde arriskua dagoen egoeretan, seinaleak jarriko direla parkean, arriskuaz ohartarazi eta parkera sartzea debekatuz.

Oraingoz, farolarik ez dago beheko bideetan, baina eskaera egin diote Ura agentziari. Txakurrak aske ibiltzeko ere­mu itxi bat ere jarri nahi du Uda­lak, baina Ura agentziaren baimenaren zain daude, horretarako ere. «Beraz, oraingoz, txakurrak lotuta ibili beharko dira parkean».

Era berea, debekatuta dago bizikletaz ibiltzea, haur txikien kasuan izan ezik; eta patinetean, patinetan eta horrelakoetan, mantso ibili beharko da. Eskatu du, halaber, zaintzeko landatu diren zuhaixkak, za­bo­rrontziak, ma­haiak...

Azkenik, azaldu dute azaroan jarriko dutela Ur gardena es­kultura, parkearen goialdean. Maria Jose Lacade­na oriotarrak egindakoa da, Urumea ibaiaren ertzean gobada egiten zu­ten emakumeen omenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!