Adierazpen instituzionala

«Procéseko epaiak ezbaian jartzen du, espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 18a, 00:00

Adierazpen instituzionala egin du Astigarragako Udalak, EH Bilduk eta EAJk adostuta; eta elkarretaratzea egin zuten atzo.

Kataluniako Procésaren kontrako epaia ezagutu ondoren, adierazpen instituzionala egin zuen Astigarragako Udalak, EH Bilduko eta EAJko udal taldeek adostuta. Eta elkarretaratze ba­terako deialdia luzatu zieten astigartar guztiei, atzo eguerdian, Txingurriko errotondan, Herriari hitza ematea ez da delitu lelopean.
Adostutako testuan, nabarmendu dute ez dela delitua, «demokraziaren adierazpen ba­ketsua gauzatzea, indibiduala zein kolektiboa, eta herriari hi­tza ematea. Hori horrela, urri­a­ren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zen, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezko dute etorkizuna erabakitzeko eskubidea». Horregatik, gaineratu dute, ezin direla «justifikatu», Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek, Katalu­niako agintari eta gizarte eragileei «bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak».
Zentzu horretan, uste dute Procésaren aurkako auziak eta epaiak, «Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea» dakartela, eta «ezbaian» jartzen dutela, «es­pai­niar demokraziaren homologazioa nazioartean».

«Euskal herritarrei zuzenean eragiten digu, Espainiaren erantzun bortitzak»
Adierazpenean bertan, azpima­rratu dute: «euskal herritarrei zuzenean eragiten digu, Estatu espainiarraren erantzun borti­tzak; izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta ba­ketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari, tribunalen indarrez, 155 artikuluaren ezarpenez, edo erabakitze esku­bidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez, eta herriari galdetu beharrean».
Horren aurrean, Estatuari eskatu diote, espetxean dauden preso politikoak aske utzi di­tzala, eta erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan be­hera utzi ditzala. Era berean, elkartasuna adierazi diete Ka­ta­luniako preso eta erbesteratu politikoei zein haien etxekoei, eta baita Kataluniako he­rri­a­ri eta erakundeei ere. Eta dei egin diete Astigarragako herritarrei, bat egin dezaten «he­rri­a­ri hi­tza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokrazia­ren eta askatasunaren alde».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!