mundarro

«Mundarroko jokalari ia denak dira futbol eskolan hasitakoak, eta horrek harro sentiarazten gaitu»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 19a, 00:00

Juanan Larrañaga eta Beñat Iñurritegi, Zarkumendegin, arratsaldeko entrenamenduekin hasi aurretik.

Klubaren harrobiko lana nabarmendu dute Juanan Larrañagak eta Beñat Iñurritegik. Preferenteen entrenatzaile eta futbol eskolaren arduradun da Iñurritegi, eta infantiletatik jubeniletara koordinatzaile, Larrañaga.

Udara eta ikasturte hasiera, garai mugituak izango dira zuentzat. Nolakoak izan dira azkeneko hilabete hauek?

Juanan Larrañaga: Mugituak ba­dira, bai. Ha­si­e­­rak zailak izaten direlako beti, eta ez dakizulako zein jenderekin kontatuko duzun. Eta tramiteak eta aukeraketak egiteko mo­mentuak, izaten dira garai txarrenak. Bai­na behin urria bu­katuta, de­na lasaiago joaten da. Abuz­tuan egiten ditugu taldeak, jo­kalariak antolatuz; eta orduan, batzuen disgustoak eta besteen pozak… Horiek ondo kudeatzen saiatu behar da.

 

Jokalari kopuru aldetik, taldeak ondo osatzeko moduan izan zarete?

J.L: Ondo bete ditugu talde guztiak, bai.

Beñat Iñurritegi: Joan den urtean arazoak izan genituen, mutil infantilen taldeak osatze­ko; baina aurten kontrakoa ger­tatu da, eta azkeneko urteotan, kopuru haundiena izan dugu maila horretan, primeran osa­tu ditugu hiru talde.

 

Nesketan oso ezberdina da kasua, ezta?

J.L: Nesketan, oso zaila da Asti­garragan talde asko edukitzea. Orain daukagun talde bakarrekoak, kadeteak, gehienak behe­tik hasi ziren jokatzen, belaunaldi berdinekoak zirelako eta elkarrekin hasi zirelako. Haiei batu zaizkie batzuk gazteagoak, eta beraiek dira jarraitzen du­te­nak. Baina atzetik, ez datoz beste belaunaldi batzuk.

B.I: Orain, Mundarrok eskubaloi eskola martxan jarri duenetik, eskubaloira jotzen dute nes­ka gehienek. Saskibaloia edo eskubaloia aukeratzen dute. Gu­re neska kadeteen taldea, sal­­buespena da. Belaunaldi be­re­ko 15-16 el­kartu zi­ren, eta pare batek utzi dute, baina beste hiru gazteago batu zaizkie, eta aurrera ja­rrai­tzen dute.

J.L: Eta oso oso gustora gaude beraiekin. Oso jarrera ona daukate, beraien artean ere oso ondo konpontzen dira, eta asko eman diote klubari.

 

Beste mailetan ez dago neskarik?

J.L: Alebinetan badago neska bat, eta mutilekin jokatzen du.

B.I: Aurreko urteotan ere izan ditugu, eta beste mailetan taldea baduten klubetara joan dira, Intxaurdira edo Añorgara adibidez. Eta gure taldea baino helduagoa den neska bat, aurten jubenila dena, Hernanira joan da jokatzera.

 

Eta neska kadeteen taldeak, ez ditu erakarri gazteagoak?

J.L: Hasi zirenean, pentsatzen genuen neska gehiago etorriko zirela atzetik, baina ez da ho­rre­la izan. Deialdi bat egin ge­nu­en, baina oso gutxi azaldu ziren; eta az­kenean, denak elkarrekin joan ziren eskubaloira. Astiga­rra­ga bezalako herri batean, oso zaila da nesken talde asko izatea.

 

Nola ikusten duzue Mundarroren futbol saila, une honetan?

J.L: Oso ondo dagoela iruditzen zait. Preferenteak oso maila ona ematen ari dira, eta gainera, gehienak, %90a baino gehiago, behetik etorritako jokalariak dira. Berdin gertatzen da ohorezko jubenilekin eta kadeteekin. Eta infantilen taldea ere badaukagu, bi horiek bezala, Gi­­puzkoako maila gorenean. Hori garrantzitsua da guretzat, eta azkeneko urteotan lortu du­gu. Horrek erakusten du, tal­deko lana oso ona izan dela. Izan Astigarragakoak, Martu­te­­nekoak edo Donostia ingurukoak, baina ia denak dira Mun­darron futbol eskolan hasitakoak. Eta horrek harro sentiarazten gaitu.

B.I: Eta kanpotik etortzen direnak, izaten dira taldeko norbaiten ikaskideak edo lagunak direlako, eta taldez aldatu nahi izan duelako. Baina gu ez gara inorren bila joaten kanpora.

Klubean saiakera berezia egin duzue harrobia lantzeko?

J.L: Klubean sartu ginenean, au­rrenekoa izan zen herrikoengana iristea, eta beraiek erakar­tzea. Herriko jendearekin lan egitea izan da, gure aurreneko saiakera beti, horretan ez daukagu zalantzarik. Herriari ga­rran­tzia eman be­har zaio.

 

Mutil preferenteak taldeak, aldaketa haundia izan du?

B.I: Aurreko denboraldian izan zuen aldaketa haundiagoa, jube­niletatik eta erregionalen lehenengo mailatik asko igo baitziren. Aurten al­da­keta gutxiago izan dira, baina gehiago gaztetu da. Utzi duten gutxi horiek, zaharrenetakoak ziren; eta igo direnak oso gazteak dira.

 

Aldaketa guztiekin ere,  aurreko denboraldian maila bikaina eman zuen taldeak.

B.I: Bai bai, espero ez genuen maila eman zuen taldeak, ha­rritzekoa izan zen. Eta asmoa da, horri jarraipena ematen sa­iatzea. Urte askotan egon da preferenteen taldea sufritzen; beraz, ea lortzen du­gun egonkortasun bat izatea eta jarraipena ematea. Ia denak di­ra klubaren azpiko mailetatik etorritakoak, eta horrek poza ematen du. Nik jokalari gehienak izan ditut azpiko mailetan, eta orain denak elkarrekin ikus­tea preferenteetan, oso po­li­ta da. Oinarrizko futbolean egindako lanaren ordaina da hori.


Nola eragin du taldearen gaztetzeak, aurtengo denboraldi hasieran?

B.I: Kostatu zaigu arrankatzen, gaztetze horrek ere adaptazio prozesu bat eskatzen duelako. Baina, horrez gain, aurreko ur­tean hain ondo aritu ondoren, kon­tra­­rioek beste modu batera egiten dizute aurre; beste motibazio ba­tekin. Heldutasun fal­­ta na­ba­ri­tuko dugu ba­tzuetan; bai­na tal­dearen ilusioa, gogoa eta ener­gia sekulakoa da. Eta ba­da­go jen­dea, gazte-gaztea izan arren, esperientzia badaukana, eta au­­­rre­rapauso bat eman behar due­na.

 

Neska kadeteen taldea ere hasi da lehiatzen. Aurrerapausoak eman dituzte haiek ere, ezta?

B.I: Sekulakoa izan da hobe­kun­­tza. Hasi zirenean nola en­tre­natzen zuten ikusi, eta orain... Ez dauka antzekotasunik.

J.L: Gauzak ondo egiten ari dira, eta meritu haundia daukate. Aur­ten­go denboraldia primeran hasi dute, eta aurrekoan ere oso denboraldi ona egin zuten, Kopako finala jokatuta. Ez daukagu gehiago eskatzerik, eta oso oso harro gaude haietaz. Be­ra­iek nahi duten arte, he­men egongo gara, denean laguntzeko prest.

 

Zarkumendegi arratsaldero haurrez beteta ikusteak, zer esaten dizue?

J.L: Poza ematen dizu horrek, eta ikustea behetik hasi diren jokalari horiek gorengo taldera iritsi direla… Horrek asko ba­lio du. Eta horiez gain, tartean-tar­tean, urtero bi edo hiro jokalari joaten dira, Realera, An­­tiguo­ko­ra… Alde batetik, Rea­lera ez beste taldeetara joaten direnean, haserre puntu bat sartzen zaizu; baina bestetik, lan ona egi­ten ari zaren seinale da.

B.I: Eta politena da, kanpora joan arren, gero Zarkumen­de­gira etortzen direla, beraiekin hitz egiten duzu… Pertsonalki pozten zaitu horrek.

J.L: Batzuen kasuan, azpiko ka­tegorietan joaten dira, egiten du­te beraien ibilbidea seniorretara arte, eta maila horretan ez dute pauso hori emateko aukerarik. Eta galdetzen digute, buel­tatzeko aukerarik ba ote duten. Guretzako hori oso haundia da. Bueltatu bazara, da hemen on­do zainduta eta gustora egon za­relako. Beste talde batzuek ateak ixten dizkiete gero, joan zirenei. Guk ondo hartzen ditugu, bueltakoan ere.

 

Nolako kluba da Mundarro?

J.L: Klub txikia da, oso familiarra eta gertutasun haundia dau­kana denekin; jokalariekin, gu­­rasoekin… Baina bere txikitasunean haundia sentitzen de­na. Oso harro gaude gure lanaz, eta gure talde guztietaz.

B.I: Txikia izan, eta talde haundiagoak zure lanaz aprobetxa­tzea, gauzak ondo egi­ten dituzun seinale da. Txi­kia da taldea, baina egiten du­en lanak, haundia egiten du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!