Elkarbizi

Eugenio Ibarzabal eta Inazio Mujika hizlari, urriaren 30ean

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 19a, 00:00

‘Euskal kultura adierazpenak baketzearen aurrean’ saioa  antolatu du Elkarbizi taldeak, Astigarragako kultur etxean.

Astigarragan antolatu du bere ikasturteko programaren hurrengo saioa, Elkarbizi taldeak. Urriaren 30ean izango da, arratsaldeko 19:00etan kultur etxeko areto nagusian; eta gaia, honakoa: Euskal kultura adierazpenak baketzearen aurrean.

Hori lantzeko, bi idazle gon­bidatu dituzte, hitzaldia es­kain­tzera: Eugenio Ibarzabal, 1980ko Garaiz gabiltz agiria egiten parte hartu zuena; eta Inazio Mujika Iraola, 2000 urtean ate­ra zen Isiltasuna ez da aterpe adierazpenaren sinatzaile.

Garaiz gabiltz agiria, Ibar­za­balek bezala, «euskal kulturaren ordezkari nabarmenek» sinatu zutela gogorarazi du Elkarbizik: Barandian, Mitxe­le­na, Caro Baroja, Lekuona, Chi­llida... «33 sinatzaileek gogoan zuten kanpotik gidatutako in­darkeria, eta euskal arazoarekiko agertzen zen ulertezintasuna. Hala ere, inongo erreparorik gabe azaldu zuten honakoa: ororen gainetik ardura­tzen gaituen indarkeria, bertan jaio eta gure artean habia egiten duena da», nabarmendu du Elkarbizik.

Isiltasuna ez da aterpe adierazpena sinatu zuten «140 euskal intelektualek», berriz, aitor­tu zuten «bortizkeria errotik astintzen» ari zela Euskal He­rria; eta onartezina zela, «in­darkeriak euskal gizartearen dinamika demokratikoa ordez­katu nahi izatea».

Hori horrela, «indarkeriaren aurrean euskal kulturak izan duen posizioa epaitzen denean», Elkarbizik uste du «oso ko­menigarria» dela, gogoratzea bi esku-hartze horiek izan zu­ten «garrantzia publikoa».

 

Plaza mugatuak, eta izena emateko epea 28ra arte

Ohi bezala, saioan parte har­tzeko, izena eman beharko da aurrez, ganboiturri@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Plazak mugatuak dira, eta urri­aren 28an bukatuko da izena emateko epea, astelehenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!