«Nik ez dut ezer lapurtu, ezta lapurtuko ere, ordu eta ahalegin haundia utzi dut aparteko saririk gabe»

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 12a, 02:00

Uztailean eta aurreko astean, alkatearen aurkako mezuak agertu dira Astigarragako ha­in­­­bat kaletan. Eta alkateak adierazi du, soldataren haritik etorri dela irainen kanpaina hau. Hori horrela, hainbat argibide eman ditu. 

«Uztailaren 3ko plenoan,  lehenego lanpostuan nuen soldata edukitzea eskatu nuen hautagai izatekotan», eta gaur egun alkateak, lehen zuen soldatarekin alderatuz, 50 euro gutxiago kobratzen ditu, «urtean 700 euro gutxiago jasoko ditut».

Egun, alkateak duen soldata garbia, hau da, kobratzen du­ena, 2.728,30 eurokoa da, «batzuentzat asko izango da, beste batzuentzat bidezkoa». 5.000 eta 10.000 biztan­le arteko herrietako alkateen gehienezko soldata gordina, urteko, 80.000euro ingurukoa da, «nire soldata oso urrun dago muga horretatik». Gutxiago kobratuko badu ere, alkateak lansari hori onartu du, «lansari hori eskatu nuen eta txikixeago izatea onartu dut, ni ez naizelako saltsa honetan sartu dirua irabazteko» azpimarratu du. Le­hen zuen lanpostuarekin as­koz ere lasaiago biziko zela ere adierazi du, baina, «aurrerapauso bat eman nahi nuen».

Hiru hilabete igaro ditu alkateak buru belarri lanean, «izugarrizko ahalegina egin dut lanean, hiru hilabete hau­etan, probatu dut alkate izatea zer den, eta egia esateko, jaso­tzen dudan soldata bidezkoa iruditzen zait». 


«Irain horien hartzailea ere bada EH Bildu»

Alkateak dio, irain horien hartzailea, EH Bilduko udal gobernua ere badela «kontuan izanda, alkate eta zinegotzi liberatuen ordainsarien proposamena udal gobernuarena izan denean».


Pintada iraingarriak, Astigarragako kaleetan

Alkateak argi utzi du, ezin direla horrelako pintadak egin, eta era horretan iraintzea ere kalterako dela. «Pintadak egin dituenak jakin behar luke bereizten, ez dela gauza bera lansaria kritikatzea edo herri­an pintadak egitea, lapurra deituz». «Nik ez dut ezer lapurtu, ezta ezer lapurtuko ere; izatekotan, bidean ordu eta ahalegin haundia utzi dut, eta utziko dut, aparteko saririk gabe».  Amaitzeko, argi utzi du ez duela dimititzeko asmorik, «lan pila dugu egiteko».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!